Donamaria-Gaztelu, sei herrigunetan banatutako 453 bizilagun dituen herria da eta ikaragarrizko ondare arkitektonikoa eta kulturala ditu: elizak, baserriak, garbilekuak... baita Erdi Aroko dorretxe bat ere, Donamariko Jauregia. Jauregia defentsarako dorrea eta leinu-etxea izan zen XIV. eta XV. mendeetan. Berriki zaharberritua izan da. Harrizkoak dira beheko bi solairuak eta egurrezkoak gainekoak. Dituen ezaugarri arkitektonikoen arabera, Nafarroan gisa honetako gelditzen den dorretxe bakarrenetakoa da.
Mendietako pagadi eta hariztiek eta baserri inguruetako soro berdeek edertasun handiko paisaia osatzen dute. Hortaz, naturaren xarma hurbiletik ezagutzeko, ibilbide zoragarriak egin daitezke. Horien artean, PR-100 (Ibargoiara) ibilbide lasaia, edota Trosketako ur-jauzi, erromatar galtzada eta Eteneko-gaineko megalitoetara eramaten duen ibilbidea. Berezitasunen artean, hagin ikusgarriak ere aurki daitezke. Modu berean, badago mendi pistak elkartzen dituen BTT ibilbidea.