Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finalean izanen da Doneztebe

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uztailaren 18a

Euskal Herriko Herriarteko finalerako sailkatzea lortu duen Doneztebeko pilota taldea.

Bizkaian ere hiru partidetatik bi irabazi zizkion Markinari eta Azpeitia izanen du arerio uztailaren 23ko finalean 

Etxean finalerdietako joanekoan egin zuen bezalaxe, uztailaren 15ean Markinan ere hiru partidetatik bi irabazi eta Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finalerako sailkatzea lortu du Doneztebek. Uztailaren 23an, larunbatean jokatuko du finala Zarauzko Arizbatalde pilotalekuan Azpeitiaren kontra.

 

Ortziralean ere Markinan galduz hasi ziren doneztebarrak. Kadetetan, Markinako Aimar Ibarlozak eta Iosu Agirremalloak 22-14 irabazi zieten Doneztebeko Enaitz Telletxea eta Gaizka Agirreri.

Baina, espero bezala, bi kategoria nagusietan ez zuen arazorik izan Doneztebek garaipenak lortzeko. Jubeniletan, Iker Salaberriak eta Jon Mariezkurrenak 22-4 irabzi zieten Markinako Jon Bereikua eta Ander Malexetxeberriari eta seniorretan, markinarren lesioarengatik 22-0 irabazi zuen Bakaikoa eta Gorriti Doneztebeko bikoteak.

Bertze finalerdian, itzulerakoan Gipuzkoako Azpeitiak 3-0 irabazi zion Arabako Zigoitiari. Joanekoan ere hiru partidetatik bi irabazi zituzten azpeitirarrek, beraz uztailaren 23an Zarauzko Arizbatalde pilotalekuan jokatuko den finalean Doneztebe eta Azpeitia izanen dira aurrez aurre.

Bi herriek Euskal Herriko Herriartekoan bina txapel jantziak dituzte (Doneztebek 2011n irabazi zion Hernaniri eta 2012an Markinari eta Azpeitiak, berriz, 2008an eta 2015ean irabazi zion Huarteri). Bi herrientzako hirugarren finala da eta bietako batek lehen aldiz galduko du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun