Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2016ko ekainaren 29a

27 aizkolari ari dira lehian hirugarren mailan. Horietatik 13 lehiatuko dira larunbat eguerdian Donezteben, finalerako lehen hiru txartelen bila.

Larunbat eguerdian hamahiru aizkolari izanen dira lehian Bear-Zanan, finalerako lehen hiru txartelen bila 

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren lehen kanporaketa jokatuko da uztailaren 2an, larunbat eguerdiko 12:00etan Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan. Denera 27 aizkolari ariko dira maila honetan eta bi kanporaketa eginen dituzte, larunbatekoa Donezteben 13 aizkolarirekin eta abuztuaren 28an Lakuntzako plazan 14 aizkolarirekin. Lau kanaerdiko moztea izanen da kanporaketetako lana eta bakoitzetik hiru lehenbizikoak sartuko dira finalean.

 

Doneztebeko kanporaketari dagokionez, eskualdeko lau aizkolari ariko dira: Beintza-Labaiengo Migel Angel Etxeberria eta Jon Telletxea, Zubietako Mikel Indakotxea eta Zigako Jose Antonio Etxeberria. Arotegiko Oier Karñamaresek osatuko du Nafarroako ordezkaritza; beraietaz gain, Joxe Felix Zubizarreta, Jokin Alkizalete eta Julen Aranberri gipuzkoarrak; Aitor Jauregi eta Eloy Corchero arabarrak eta Beñat Lekue, Aritz Irazabal eta David Naredo bizkaitarrak ariko dira.

Lakuntzako kanporaketan, Patxi Mindegia zubietarra, Asier Pellejero aresoarra eta Eneko Saralegi leitzarra izanen dira eskualdeko aizkolariak. Nafarroako ordezkaritza Iban Resanok, Goizeder Beltzak, Iker Gorritik eta Josu Agirrek osatuko dute; Gipuzkoatik Aitor Urteaga, Urtzi Olasagasti eta Unai Otaegi; Bizkaitik Aritz Oregi, Xabier Garcia eta Done Itxausi eta Arabatik Iñaki Kintana ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun