Gipuzkoako Erremonte Kopa irabazi dute Xanti Utergak eta Aizpuruk

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 13a, 10:28
Uterga eta Aizpuru txapeldunak eta Urriza eta Zaldua azpitxapeldunak, antolatzaileekin, sari banaketaren ondotik.

Ekainaren 11n Zumarragan jokatutako finalean 25-35 irabazi zieten Urriza eta Zalduari

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2016ko Saria – VII Erremonte Kopa irabazi dute Xanti Uterga doneztebarrak eta Aizpuru III.ak. Ekainaren 11n Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatutako finalean 25-35 irabazi zieten Urriza eta Zalduari.

 

Aitzineko koadroetan berdintasun handia izan zen gaur egungo bi izarren artean, baina gibelean Aizpuru III nagusitu zitzaion Zalduari eta hor erabaki zen partida. Lehenbiziko erdian berdindua joan zen partida, Urrizak aunitz lagundu zuelako gibelean ere, baina azkenean urdinak erraz nagusitu ziren.

Gisa honetara, frontoi laburrean Urrizak eta Utergak zuten berdinketa doneztebarraren alde hautsi da. Izan ere, Urrizak Madrilgo txapelketa irabazi zuen eta Utergak Iruñeko Alde Zaharrekoa. Orain, Gipuzkoako Diputazioaren txapela ere jantzi du Utergak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun