Uterga eta Etxeberria III azpitxapeldun izan dira Madrilgo erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 30a, 10:12
Madrilgo erremonte txapelketako txapeldun eta txapeldun ordeak, antolatzaile eta babesleekin.

Urriza eta Ionen kontra galdu zuten final ikusgarria, 33-35

Hirugarren urtez, San Isidroko erremonte txapelketa jokatu dute asteburu honetan Madrilgo Triángulo de Oro pilotalekuan. Igandean jokatutako finalean, Urriza eta Ionek 35-33 irabazi zieten Xanti Uterga eta Joxe Etxeberria III doneztebarrei.

 

Aitzinetik, bi bikote finalistek finalerdietako partidak irabaziak zituzten: Urriza eta Ionek 30-26 irabazi zieten Ansa II eta Barrenetxea IV.ari eta Uterga eta Etxeberria III.ak, 30-21 Segurola eta Endika saldiastarrari.

Finala ikusgarria eta parekatua izan zen, gaur egungo erremonteko bi izar nagusiak nor baino nor zirela aitzineko koadroetan. Baina lau erremontelariek maila bikaina erakutsi zuten.

Erremonteko finalaren aitzinetik, eskuz binakako partida ere jokatu zuten Nafarroako pilota selekzioko bi bikotek. Bakaikoak eta Mariezkurrenak 22-21 irabazi zieten Iriarte eta Rekalderi.

Finala jokatu ondotik, sariak eta txapelak banatu ziren. Ekitaldian izan ziren Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuko presidentea, Jose Luis Calvo Madrilgo udal ordezkaria eta babesleen aldetik, Telefonicako Patricia Larraz eta Martikoko Joseba Martikorena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun