Crossfit-a nagusitu zaio herri kirolari Doneztebeko desafioan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 23a, 10:21
Dani Saldias 40 kiloko trusterrarekin lanean. Gero, gaizkitu eta ezin izan zuen proba bukatu. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Dani Saldias arraioztarrak ezin izan zuen proba akitu eta ospitalera eraman behar izan zuten

Crossfit eta herri kirolaren arteko lehen lehia crossfitaren aldekoa izan zen larunbatean Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan. Crosffit Runa taldeko Juan Carlos Lesaka eta Alex Fernandez nagusitu zitzaikien Herri kirol taldeko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrei. Azken hau ospitalera eraman behar izan zuten, bero kolpeak jota. Zorionez etxera bueltatua da arraioztarra.

 

Sekulako jendetza bildu zen maiatzaren 21eko apustu berezia ikustera. Hasteko, 80 kiloko harri bolari 50 jasoaldi eman behar izan zizkion bikote bakoitzak txanda librean eta hor arraioztarrak gailendu ziren. Hortik aitzinera Iruñekoak izan ziren nagusi. Bigarren lanean, 200 kiloko uztarria (50na kiloko lau pesarekin) bizkarrean hartu eta 20 plaza egin behar izan zituzten. Hemen aurre hartu zuten Lesakak eta Fernandezek, Saldiasek karga orekatzeko zituen arazoak baliatuz. Hirugarren lanean 70 kiloko txingak esku banatan hartu eta 20 plaza egin behar izan zituzten eta aldeari eutsi zioten Crossfit Runakoek. 

Gero probarik zailenetekoa izan zen. 40 kiloko trusterra hartu, halterofilian erabultzen dena eta lehenbizi bularrean hartu, gero makurtu, eta gorputza zuzenduta goiti altxatu behar izan zuten 50 aldiz.

Ondotik heldu zen arpanako proba eta Saldias eta Urrutia horretan espezialistak direla kontuan hartuz, hor etor zitekeen buelta. Etzanda jarritako enborrari 10 korte eta zutik jarritakoari bertze hainbertze egin behar zituzten baina arraioztarrek ez zuten akitzea lortu. Ordurako gaizki zebilen Saldias eta saioa bertan behera utzi behar izan zuten. Lesakak eta Fernandezek 43 minutuan akitu zituzten lanaka, garaipena erdietsiz. Kiroltasunaren erakusgarri, Nafarroako Herri Kirol Federarazioko presidente ere baden Urrutiak berak jarri zien txapela Crossfit Runakoei. Txapelaz gain, jokoan zeuden 3.000 euroak ere Iruñera joan ziren. Bear-Zana pilota plaza bete zuen jendeak txalo zaparrada batekin agurtu zituen kirolariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun