Leire Etxeberria Sampedrok irabazi du Doneztebeko bestetako kartel lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 13a, 09:06
Ultzamako Leire Etxeberriaren kartel irabazlea.

Banderaren dantzaren babespean izeneko kartelak jaso ditu besta batzordetako kideen boto kopururik handiena

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra burutuko diren San Pedro bestek argazkian ageri den kartel dotore  hau izanen dute iragartzeko. Iraizotzeko Leire Etxeberria Sampedrok eskuratu du ohore hau eta 150 euroko diru-saria. 

 

Aipatu behar da lehendabiziko aldia dela Doneztebeko Udalak kartel lehiaketa antolatu duena eta hagitz balorazio ona egin duela. Bortz lan aurkeztu dira eta maila handiko lanak direla erran daiteke (bestetako aldizkarian  herritarrek kartel guztiak ikusteko aukera izanen dute).

 

Altxaferoa nork botako duen herritarrek erabakiko dute

Doneztebeko aurtengo San Pedrotako besteen hasiera piztuko duen herritarra edo taldea doneztebarrek aukeratuko dute.  Maiatzaren 27ra bitarte proposamenak egin daitezke. Nork egin dezake proposamena?  Donezteben erroldatua egon eta 16 urte baino gehiago duenak.  Hautagaia egitean aipatu behar dira pertsonaren edo taldearen merituak,  garbi adieraziz herriarekin lotura dutela. Proposamenak udaletxean  utzi edo alkatetza@doneztebe.eus helbidera igorri behar dira izen, abizenak eta ENA zenbakia gehituz.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun