Ander Erasun aizkolari aurtiztarra Euskadiko bigarren mailara jautsi da

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 10a, 08:54
Ander Erasunek bigarren mailan lehiatu beharko du aurten.

Juan Jose Lopezen kontrako jautsiera kanporaketa galdu zuen larunbatean Antsoainen

Aurtengo Euskaldiko aizkolarien mailen osaketa finkatzeko falta zen jautsiera kanporaketa, hau da 2016 urterako lehen mailatik bigarren mailara Lezaungo Juan Jose Lopez Azpilikueta edo Aurtizko Ander Erasun San Sebastian jautsiko ote zen erabakitzeko kanporaketa larunbat arratsaldean jokatu zen Antsoainen. 

 

Aizkolari bakoitzak sei pago-enbor moztu behar izan zituen: bi kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak). Juan Jose Lopez nagusitu zen 22 minutu eta 27 segundotan. Ander Erasunek 23 minutu eta 28 segundo behar izan dituen lanak bukatzeko. Ondorioz, Ander Erasunek lehen maila galdu eta aurten Euskadiko bigarren mailan moztuko du.

 

Lehen eta bigarren maila

Gisa honetara, Euskadiko lehen mailan hamabi aizkolari izanen dira aurten: Aitzol Atutxa bizkaitarra; Gipuzkoako Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi, Jose Mari Olasagasti, Jon Irazu, Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza eta Nafarroako Floren Nazabal, Jon Rekondo, Iker Vicente, Ruben Saralegi eta Juan Jose Lopez.

Bigarren mailan, berriz, hamalau aizkolari izanen dira: Nafarroako Ander Erasun, Aitor Senosiain, Oihan Larretxea, Julen Kañamares eta Mieltxo Mindegia; Gipuzkoako Unai Otaño, Jesus Mari Mujika, Luis Txapartegi, Aratz Mugertza, Xabier Zaldua, Eneko Otaño, Xabier Orbegozo eta Julen Alberdi eta Arabako Arkaitz Jauregi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun