Herri baratzeen proiektua martxan jarri du Doneztebeko Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 22a, 08:50
Zenbait udal partzela herritarren eskura paratuko dituzte baratze modura erabiltzeko.

Apirilaren 26ra arte aukera izanen dute herritarrek eskaerak aurkezteko

EH Bilduko Doneztebeko udal taldeak bultzatutako Herri baratzeen ekimena apirilaren 8an herritarrei aurkeztu zitzaien. Aurkezpen bilera horretara 25 lagun bertaratu ziren. Interesatuek udal bulegoetatik pasa behar dute izena emateko, apirilaren 26ra bitarte.

Doneztebeko Udalak lur eremu bat erabili nahi du zenbait udal partzela herritarren eskura paratzeko baratze modura erabil ditzaten. Kokapenari dagokionez, aipatu behar da Mourges etorbidean eginen direla (Txakurtxillotik Aparan industrialdera zabaltzen den lur eremuan).

Herri baratze hauen kudeaketa eta antolakuntza bideratzeko kontzesioa eta erabilera arautzeko ordenantza prestatzen ari dira. Udal ordenantza hilabete honetako udal bilkuran onartuko da.

Ordenantzan honako puntu hauek ezarrikodira: eskumenak eta zaintza, funtzionamendu arauak, erabilera, mugak eta sarbideak, aprobetxamendu-epeak, kanonak, fidantzak, kalte eta galeren ordainketa, arau-hausteak, kontzesioa bukatzeko arrazoiak…

Behin eskaerak bilduta, Doneztebeko udalak eskatzaileak deituko ditu baratzeen zozketa eta txukunketa auzolanaren bidez antolatzeko. Proiektu honi hasiera eman eta poliki poliki horren inguruko ikastaroak,hobekuntzak… egiten joanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun