Bestetako kartel lehiaketa antolatu du lehen aldiz Doneztebeko Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 7a, 07:46
San Pedro bestak prestatzen hasiak dira Donezteben.

Apirilaren 27ra arte aurkez daitezke lanak eta 150 euroko saria izanen du irabazleak

San Pedrotako bestak iragartzeko Doneztebeko Udalak kartel lehiaketa antolatu du aurten. Lehiaketa honetan parte-hartzea idekia da eta interesatuak apirilaren 27ra arte izanen dute lanak aurkezteko aukera. 

 

Formatua eta  teknikari dagokionez honako oinarriak errespetatu behar dira: lanak A3 tamainan inprimatuko dira (29,7 x 42 zm.) eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira,  240 gutxienezko erresoluzioaz. Nahitaez, Doneztebeko bestak, ekainaren 28tik uztailaren 2ra testua izan behar dute. Teknika, berriz, librea izanen da. Pertsona bakoitzak lan bakar bat aurkezten ahal du. Lana sinatu gabe entregatuko da eta lanarekin batera sobre itxi batean egilearen izen abizenak eta kontakturako telefonoa edo/posta elektronikoa agertu beharko dira. 150 euro saria izanen da irabazlearentzat.

           

Bilera irekia

Bestetako programa osatzeko, Udalak deituta, bilera bat egin da herritarren nahiak eta ekarpenak jasoz. Aurrekontuak aztertu eta ideiak landuz aletuko da programa. Bilera horretaz gain, on-line egiteko inkesta bat ere luzatu zaie herritarrei.

           

Aldizkaria ere martxan

Urtero egiten den bezala, aurten ere besterako aldizkaria martxan da. Edukiei dagokionez hainbat ideia dagoeneko badauden arren, aukera eman nahi zaie herritarrei ekarpenak egiteko eta artikuluak idazteko. Azalaren diseinurako, berriz, aurreko urtetan bezala, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa antolatu da. Edukiak, azala, programa eta publizitatea, osagarri guzti horiek ongi nahasita itxuratuko da etxe guztietara ailegatuko den aldizkaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun