Hirugarrenez Sagardo Egunak antolatu dituzte Donezteben martxoaren 25 eta 26an

Ttipi-Ttapa 2016ko martxoaren 22a

Doneztebarrak elkarteko komertzioak ere karrikara aterako dira Aste Santuan

Doneztebarrak Merkatari eta Zerbitzu elkarteak Aste Santuko asteburuan Sagardo Egunak ekimena antolatu du hirugarren urtez,  bertakoei eta gurera etorriko diren turistei txotx egiteko eskaintza luzatuz. Ameztia, Irrintzi, El Café, Mikelo, Pepa´s, Shanti eta Titi ostatuek pintxoa eta sagardoa 2 eurotan eskainiko dituzte bi egun hauetan. Belarra eta Santamaria jatetxean sagardotegiko menua dastatzeko aukera izanen da.

Dendak karriketara

Doneztebarrak elkarteko dendariek ere sagardo egun hauekin bat egin eta euren komertzioak karrikara aterako dituzte.  Hori dela eta, alde zaharreko trafikoa moztuko dute martxoaren 25 eta 26an, dendariak lanean lasai aritu eta bisitari eta  bezeroei erosketak erosotasun osoz egiteko aukera emanez. Gainera, karrikak alaitu eta girotzeko txaranga bat ere ibiliko da herrian barna besta doinuak zabalduz.

 

Bisitariak jasotzeko prest

Aste Santuko oporrak pasatzera etorriko direnek Sagardo Egunaz gain, ederki pasatzeko beste aukerak ere izanen dituzte Donezteben. Bertako ostatu eta landetxeen okupazioa  %100ekoa izatea aurreikusten da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun