Malerrekako Gazte Asanbladatik igorritako idatziak dioenez, urrian Ernadi Rock antolatu zutenetik denbora pasatu da, eta “nahiz eta kanpora begira ezer ez egin, «Malerrekako Gazte Asanblada barne hausnarketa batean murgilduta egon da. Inguruko jendeak eta batez ere gazteok bizi dugun errealitate politiko eta soziala ikusita, gure kezkak landu ditugu: diruan oinarritutako bizimodua, euskararen egoera eskualdean, aisialdi eredua, Euskal Herriaren eta emakumearen zapalkuntza, eskualdeko gazteon harremanak, indibidualismoa… ».
Arazo horien aurrean, gazte asanbladak jardunaldi hauek antolatu ditu Malerrekako herri ezberdinetan barrena ekaina bitarte, alternatiba gisa eskainiz. Horrela, egun pil-pilean dauden gai batzuk jarriko dituzte mahai gainean: feminismoa, Kataluniako egoera politikoa, Euskal Herriko gazteriaren proiektu desberdinak, elikadura burujabetza eta ekologismoa, errefuxiatuek Europan bizi duten egoera, etab. Herriz herri ibiltzearen asmoa ere elkar ezagutu, jendearengana hurbildu eta herrietara bizitasuna ekartzearen helburuarekin eginen dute. Astez aste eta hilabetez hilabete joanen dira zehazten ekintza bakoitzaren data eta lekua, sare sozialetan zein ohiko komunikabidetan.