Sunbillan eskola berriaren premia bertatik bertara ezagutu dute parlamentariek

Maider Petrirena 2016ko mar. 15a, 09:47
Sunbillako eskolaren gabeziak bertatik bertara ezagutu zituzten parlamentariek.

Martxoaren 11n bixita egin zuten gaur egun araudiz kanpoko bi eraikinetan banatua dagoen ikastetxeari 

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza komisiokoak Sunbillako eskola bisitatu zuten martxoaren 11n, instalazioak ikusteko. Amets Inda alkateaK eta Marta Mariezkurrena eskolako zuzendariak ongietorria egin zieten. Sunbillako eskola bi eraikin ezberdinetan zatituta dago. Beheitiko eraikinean Haur Jezkuntzakoak daude, gaur egun, 29 ikasle. Goiko eraikinean berriz, Lehen Hezkuntzakoak, guztira 64, denen artean 8 unitate sortuz. Bi eraikinak araudiaz kanpo daudela erran beharra dago. 

 

Bertaratutako komisiokideak ondorengoak izan dira: Cristina Altuna (UPN), Nuria Medina (PSN), Virginia Aleman (Geroa Bai), Miren Aranoa (EH Bildu) eta Esther Korres (EH Bildu).

Bisitaren helburua Sunbillako eskolako eraikinen baldintzak zuzen zuzenean ikustea izan da. Bertatik bertara ikusi ahal izan dute dauden arazo estrukturalak (isolamendua, seguritatea, irisgarritasuna), baita leku falta ere klaseak behar bezala emateko.

Hirugarren legealdia da eskola berriaren eskaeraren informea aurkezten dena. Txosten horretan garbi adierazten da arriskua, patio babesturik ez daukatela (honek eguraldi txarra denean ikasleek gelan egon behar dutela eragiten du), soinketa egitera frontoira joan behar dutela eta bertan dutxak ez daudela behar bezalako egoeran, jangela zerbitzua ere frontoiko ostatuan ematen dela eta zerbitzu hori gaur egun erabiltzen duten 47 haurrek ez daukatela lekurik behar bezala egoteko. Guzti honekin jada agorturik daude Sunbillako eskolan egin daitezkeen berrikuntza eta haunditzeak eta aurreko legealdiko Hezkuntza Departamentuak eskola berriaren beharra ikusten zuela errekonozitu zuen era, beraz, oraingoak ere behar hori berrestea espero dute. Parlamentariek aipatu zutenez erantzuna ahalik eta abudoen ematen saiatuko dira, baina denbora pasatzen da et ahorren beldur dira Sunbillan.

 

Gaia bizkortzea

Amets Inda alkateak, bere aldetik, gai hau bizkortzea eskatu du zeren eta eskola berria egiteko zeuden bederatzi lekuetatik egokiena, garestiena ere suertatu da. Jabetza kentzeko prozedura ireki beharko zen, nagusiak ez baitaude ados. Sunbillako Udala plan berria egiten ari da eta horretarako honek aurrera egiten duela jakin beharrean dago, Udaletxearentzat zor haundia suposatuko baitu. Bukatzeko Ametsek Sunbilla bizirik dagoen herri bat dela dio. 800 biztanle ditu, baina agian gehiago ere izan zezakeen bizitzeko aukerak izanez gero. Gaur egun 59 familiaz osaturik dago eskola eta denak eskola berria egitearen aldekoak dira.

Komisiokide guztiak eskola berriaren beharra ikusten dute eta konpromezua hartzen dute Gobernuari helarazteko Sunbillako behar hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun