Emakumearen Egunaren emanaldi berezia eskainiko du Mendi Abesbatzak martxoaren 11n

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko martxoaren 10a

Mendi abesbatzako emakumeek protagonismo berezia izanen dute ortziraleko emanaldian.

Ortziralean 20:30ean Doneztebeko Herriko Ostatuan protagonismo berezia izanen dute taldeko emakumeek

Doneztebeko Mendi Abesbatzak ekimen berria prestatu du Emakumearen Eguna ospatzeko. Ortziralean, arratsaldeko 8:30ean Doneztebeko Herriko Ostatuan kontzertu berezia abestuko dute, emakumeei protagonismoa emanez. Eurek izanen dira abeslari, instrumentu jotzaile, aurkezle eta zuzendari ere bai hainbat doinutan. Dena den, ekimen berezi honetara abesbatzako gizonak ere bildu nahi izan dituzte, haiekin batean azken doinuak eskaintzeko.

 

Kontzertuko egitaraua emakumeen inguruan osatu dute: emakume ahotsetarako piezak abestuko dituzte, emakume konposatzaile baten obra ere bai, amatasunaren inguruko gaia duen bertze bat eta egun honetarako bereziki prestatutako doinua: Mikel Markez eta Uxue Alberdik sorturiko Konplize ditut eta hain zuzen ere, korurako moldaketa egun honetan estrainekoz emanen dutelarik. Udalarekin elkarlanean antolaturiko kontzertu honek besta izakera izanen du eta ordu erdi inguru iraunen du.

 

Egitaraua

1. Konplize ditut eta (Hitzak: Uxue Alberdi; Musika: Mikel Markez; Abesbatzarako moldaketa: Ion Irazoki)

2. Izar ederra (Francisco Escudero, herri doinuaren gainean)

3. Ñoño dantza (Lorenzo Ondarra)

4. Pater Noster (Xabier Sarasola)

5. Si tú no estás aquí (Rosana, Moldaketa: J. Domínguez)

6. Haurrak lotaratzeko soinua (herrikoa, moldaketa Jose Ignacio Ansorena)

7. Hiru Txito (Aita Donostia)

 

Emanaldiaren aitzinetik kalejira egitekoa dute eta ondotik afaria eginen dute Herriko Ostatuan, musikaz alaituta.

Aste osoan zehar Herriko ostatuan bertako hainbat emakumek egindako lanen erakusketa ikusgai dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun