Ramon Latasa aizkoran omendu dute bere heriotzaren 25. urteurrenean

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 7a, 12:44
Latasaren omenaldian parte hartu zuten aizkolariak, Antton Espelosin antolatzailearekin eta Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentearekin batera. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Patxi Astibia leitzarrak oinbikoa moztu zuen 7 minutu eta 47 segundotan eta Donato Larretxea eta Iker Vicenteren arteko lehia berezian, gaztea nagusitu zen

Ramon Latasa aizkolari handia izandakoa oraindik gogoan daukatela erakutsi dute Sunbillan berriz ere eta bere heriotzaren 25. Urteurrena bete denean, jaialdi berezia egin zuten martxoaren 6an udal pilotalekuan. 

Ramon Latasa, beti gogoan edukiko zaitugu zioen pankarta bat ezker horman itsatsia zela, jendetzak bete zuen Sunbillako pilotalekua. Jaialsia hasteko, Latasaren garaiko  aizkolari handienetako bat aritu zen aizkoran; Patxi Astibia, 73 urte leitzarrak oinbiko enbor bat moztu zuen, 72 ontzako enborra, 7 minutu eta 47 segundoan. Hasiera batean Arria II.aren kontra aritzekoa zen Astibia, baina gipuzkoarrak min hartu zuen entrenatzen ari zela.

Ondoren, aizkora desafio berezia jokatu zuten Donato Larretxea aizkolari beteranoak eta Otsagiko Iker Vicente aizkolari gazteak, gaur egungo Nafarroako txapeldunak. Donato Larretxea aranztarrak, aizkoran erabiltzen diren neurri guztietako enborrak moztu behar zituen, denetara, zazpi enbor;  kanakoa (108  ontza), 80 ontzakoa, oinbikoa (72 ontza), (60 ontzakoa), kana-erdikoa (54 ontza), 45 ontzakoa, eta oinekoa  (36 ontza). Oraindik inork ez zuen egin horrelako lanik plaza batean.

Iker Vicentek, berriz, 16 kana-erdiko ebaki behar zituen.

Larretxea enborrak ttikienetik handira hasi zituen eta ez zuen suerterik izan, azkenekoa, kanakoa gogorra suertatu baizitzaion. Halere, 40 minutu baino guttiago behar izan zituen plazan lehen aldiz egin den lan hau burutzeko, 37 minutu eta 18 segundo. Hobetu nahi duenak, badu hobetzeko marka. Iker Vicentek 36 minutu eta 26 segundo aski izan zituen 16 kana-erdikoak mozteko, Larretxeak bere lana bukatzeko baino 52 segundo guttiago.

Biek ere omenaldia bikaina egin zioten Ramon Latasari,  marka handi bat eginez eta frontoia betetzen zuten ikusleak gozaraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun