Doneztebeko kiroldegia lilaz jantzi zen Saray elkarteari babesa emanda

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 7a, 08:52
Saray elkartearen aldeko Zunba Maratoian parte hartu zutenak, saioaren ondotik.

450 lagun bildu ziren kiroldegian eta horietatik 200ek parte hartu zuten Zunba Maratoian 

450 lagun hurbildu ziren Doneztebeko kiroldegira larunbatean, Emakumearen Egunaren harira Saray Nafarroako Bularreko Minbiziaren Elkartearekin elkartasun Zunba maratoian, norberak bere alea jarriz. Kanpoan hotza eta euria ari bazuen ere, kiroldegia ederki epeldu zen Jaione eta Jone irakasleek ezarritako erritmo bixiak jarrita. Ondorioz, kantxan ziren ia 200 partaideek koreografia ederrak eskaini  zituzten harmailetan ziren ikusleen gozamenerako. 

Bi ordu baino gehiago iraun zuen ekimen honek, eta bukaeran denak pozik. Saray elkartekoek 1.400 euro bildu zituzten sarrerekin, gehi udalak emandako 150 euroko ekarpena. Diruaz gain, kamisetak, pinak, eskumuturrekoak, lepokoak... denetarik saldu zituzten Saraykoek.  Olatu lilak argazki ederrak utzi zituen ederrena bukaeran egindakoa. Parte hartu zutenak, Saray elkarteko kideak, zunbatoneko antolatzaileak  eta Udaleko Emakume eta Berdintasun zinegotzia den Leire Ortuostekin familia  argazkia polita eta ardarrikapenaz beterikoa egin zuten: Berdintasuna atzo, gaur eta etzi lemapean egin baitzuten. Argazki honekin larunbateko ekimenak Malerrekako Mankomunitateak martxoaren 8ko ospakizunetarako abiatu duen kanpainarekin bat egin nahi izan du. Partaideak Baztan, Bortziriak, Malerreka baita leku anitzetakoak izanda, lema hau ederki barreiatuko da urte osoan zehar.

 

Datozen ekitaldiak

Emakumearen Egunaren inguruko ekintzek segida izanen dute aste honetan Donezteben.

Martxoaren 8an, asteartean, Herriko Ostatuan bertako antzerki tailerraren eskutik bakarrizketen emanaldia izanen da 19:00etan. Martxoaren 11rako, ortzirala, Herriko Ostatuan Mendi Abesbatzak emanaldi berezia prestatu du taldeko emakumeei protagonismoa  emanez eta hainbat sorpresa ere prest dituzte. Emanaldiaren ondotik afaria antolatu dute, musikaz alaituta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun