Aspaldiko partez inauteriak ospatuko dituzte Ezkurran ere otsailaren 20an

Ttipi-Ttapa 2016ko otsailaren 18a

Irazu eta Mendiluze bertsotan ariko dira larunbat arratseko afarian

Irazu eta Mendiluze bertsotan eta Oihana eta Oihana trikitilariak ariko dira larunbateko afarian

Garai batean, Errege egunaren ondoko astean ospatu ohi ziren inauteriak Ezkurran, baina urteak dira ez zirela ospatzen. Aurten inauteriak egin bai, baina data aldatu zaie, otsailaren 20an ospatuko baitituzte, larunbatarekin eta egitarau zabala prestatu dute egun horretarako.

 

Larunbat goizeko 11etan jarri dute hitzordua pilotalekuan, nahi duenak mozorrotua ager dadin eta gero kalez kale ibiliko dira musikarien laguntzaz. Arratsaldeko 4etan ipuin kontalaria entzuteko aukera izanen dute neska-mutikoek Udaletxean eta gero, jokuak, txokolatea eta buruhandiak izanen dituzte frontoian.

Inauteri festa borobiltzeko, gaueko 9etan Barranka ostatuan bertso-triki afaria antolatu du Udalak, Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze bertsolariekin eta Oihana eta Oihana trikitilari eta panderojoleekin. Afarirako erreserba egin behar da, 948 615080 telefonora deituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun