Garaipenarekin erran dio adio erremonteari Patxi Olazar doneztebarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 15a, 09:37
Patxi Olazarrek ongi merezitako omenaldia jaso zuen bere azken partidaren ondotik.

Xanti Utergarekin bikote eginez, 30-40 irabazi zieten Koteto Ezkurra eta Joxe Etxeberriari larunbatean Galarretan

Erremontelari profesional moduan bere azken partida jokatu du Patxi Olazar doneztebarrak otsailaren 13an. Xanti Utergarekin bikote eginez, 30-40 irabazi zien Koteto Ezkurra osabari eta Joxe Etxeberria III.ri. Beraz, herriko bertze hiru erremontelarirekin jokatu duen partida bikainarekin erran dio adio Olazarrek erremonteari. Ikusi Maialen Andres-en argazkiak

 

Partidaren ondotik, Oriamendiko ia koadro osoa jautsi zen, erremonteekin arkua egin eta Olazarri omenaldia egitera. Enpresak berak egindako opariaz gain, Elena Zabala Ezkurra bere lehengusinak aurresku hunkigarria dantzatu zion; Josetxo Ezkurrak erloju bat oparitu zion familiaren partetik eta bere lagun taldeak bere irudi bat.

2003ko martxoaren 1ean egin zuen debuta Olazarrek Euskalen. Ongi gogoan duenez, Larrearekin batera 35-29 irabazi zien Uterga eta berekin batera debutatu zuen Migel Mari Urrutia saldiastarrari. Geroztik, binakako bi final jokatu ditu Koteto Ezkurra osabarekin batera, baina biak galdu egin ditu: «Lehenbizikoa Zeberio II eta Auzmendiren kontra galdu genuen eta bigarrena Urriza eta Barrenetxea IV.aren kontra. Bien artean urte batzuk pasatu ziren”, aipatu du Olazarrek. Beharbada horiek dira kirol arloko bere oroitzapenik onenak, baina  txapeletik hain hurbil egon eta ezin irabazi, aldi berean hori da gelditu zaion arantzatxoa. «Bertze txapelketa ttikiago batzuk irabazi ditut, Sagardoaren Txapelketa… baina pena da ofiziala ez lortu izana», dio.

Doneztebeko lau erremontelarik jokatu dute Olazarren agurreko partidan, nahiz eta hasiera batean, afizionatutik hasita bere ibilbide beretsua egin duen Agirrezabalarekin aritzekoa zen. «Hori ezinezkoa izan da eta azkenean Doneztebeko lau erremontelari aritu gara eta hori ere aski berezia da. Larunbateko despedidan nere familia eta lagun guztiak izan dira, momentu hunkigarria izan da. Partidaren ondotik herrian afaldu dugu», onartu digu Olazarrek.

 

13 urte profesionaletan

Profesionaletan egin dituen 13 urteotan, dudarik gabe, egin dituen lagunekin gelditzen da: «Lagun aunitz eginda banoa, eta bizi izan ditudan momentu onak kontaezinak dira. Zoragarria izan da, hainbat gauza on aportatu dizkidan hainbertze jende ezagutu izana. Nik debutatu nuen garaian bertze sei erremontelari hasi ziren, Ion, Agirrezabala, Urrutia… eta horiekin ez ezik, bertze erremotelari aunitzekin harreman handia izan dut». Aunitzetan galdetu diote Koteto Ezkurra handiaren iloba izateak mesede edo kalte egin dion. Olazarren erranetan, «beti zaila da Koteto bezalako mito baten iloba izatea, baina nire kasuan positiboa izan da, beti aunitz lagundu dit eta aholku onak eman dizkit».

Erremonteak azken urteetan bizi izan dituen gorabeherak eta urte zailak ere hurbiletik ezagutu ditu. «Zorionez unerik txarrenak pasatu ziren –dio Doneztebeko erremontelariak– Galarreta eta Euskal itxi ere egin zituzten, baina norabidea zuzendu ahal izan da. Beharbada hori da aldaketa handiena, orain bakarrik Galarretan jokatzen dugula eta ez Euskalen. Lehen partida gehiago jokatzen ziren eta koadroa zabalagoa zen. Horrela atseginagoa zen, beti pilotaleku berean jokatzea ez baita onena. Berte aldaketa bat ere somatu dut: lehen jerarkia garbi bat zegoen, gaur egun hain argi ez dena… Kategoriak arras definituak zeuden, estelarrak jokatzen zituzten figurak zeuden eta bertzetik, lehenbiziko eta laugarren partidak jokatzen genituztenak, bertzetik… Gaur egun ez da hala eta punta-puntan ez gaudenak ere badugu izarrekin batera jokatzeko aukera gehiago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun