Zilarrez jantzita bueltatu da Niko Mindegia Europako eskubaloi txapelketatik

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 1a, 11:41
Niko Mindegia, Europako txapelketako zilarra "dastatzen".

Azken partidetan jokatu ez badu ere, nazioarteko txapelketa ofizial batean lehen aldiz parte hartu du doneztebarrak

Espainiako selekzioa azpitxapeldun izan da Polonian jokatu den Europako eskubaloi txapelketan. Txapelketa polita jokatu badu ere, finalan 24-17 galdu zuen Alemaniarekin. Selekzioko partaide izan da Niko Mindegia doneztebarra, nazioarteko bere lehen txapelketa handian eta, beraz, zilarrezko domina jantzita bueltatu da Poloniatik.

 

Ez du minutu aunitz jokatzerik izan Mindegiak. Lehenbiziko partidetan zerbait aritu zen eta gol bat sartzerik ere izan zuen, baina lehen fasean Errusiaren aurkako azken partidan, Kroaziaren kontrako finalerdian eta Alemaniaren kontrako finalean, deialditik kanpo gelditu zen. Hain zuzen, Iker Romero Gasteizko jokalari ohiarekin batera ikusi zuen finala harmailetik. «Nire bizitzan gaizkien pasatu dudan partida izan da, gehien sufritu dudan partida izan da, gehien bat bertzeei dena atera eta zure taldeari deus ez zaiola ateratzen ikustean», aipatu zuen. Dena den, txapelketa hasi baino lehen zilarra lortzea sinatzeko moduko emaitza zela azpimarratu du.

Europako txapelketa irabazteak Joku Olinpikoetarako sailkatzea zekarren saritzat. Hori ez du lortu Espainiako selekzioak eta apirilean jokatuko den Aurreolinpikoan izanen du horretarako aukera, Suedia, Eslobenia eta Irango selekzioen aurka. Ea bada, hor ere aritzeko aukera duen Niko Mindegiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun