Otsailak 1, astelehena
Goizean Zubietako joaldunek, mozorro eta karrozek lagunduta, bisita eginen diete aurtiztarrei. Herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, Iturengo joaldunekin elkartu eta herrian barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, Iturengo plazan karroza bakoitzak eta mozorroek beren ikuskizuna eginen dute, joaldunek uxatu baino lehen.
Otsailak 2, asteartea
Goizean Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete zubietarrei.
Otsailak 3, asteazkena
Zubietan hau izaten da inauterietako azken eguna. Eguerdian bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrek berriz asteazkenean bazkaria izanen dute eta arratsaldean etxez etxe ibiliko dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dira elkarteetan.
Otsailak 6 eta 7, larunbata eta igandea
Kontuen eguna da Iturenen inauterietako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen, eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izanen dute Herriko Etxeko ganbaran. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzarien saioa eta bertsolariak eta aizkora apustua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia eta kontuen afaria. Aurtizen xaharren afaria eginen dute igandean.