Xanti Utergak bigarrenez irabazi du Master txapelketa

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 11a, 09:15
Uterga txapeldun eta Urriza azpitxapeldun, buruz buruko Master txapelketaren seigarren edizioan.

Final dotorean 27-30 irabazi zion faborito garbia zen Urrizari 

Bigarren aldiz buruz buruko Master erremonte txapelketa irabazi du Xanti Uterga doneztebarrak. Urtarrilaren 9an Galarretan jokatutako final dotorean 27-30 irabazi zion Urrizari eta frontoi luzean ere, gaur egungo txapeldunari irabazteko gai dela erakutsi zuen.

Dirua doblean atera zen Urrizaren alde eta Iruñekoa 8-3 irabazten jarri zenean ia ez zegoen dirurik jokoan, apostuzaleek joan den udako partidak baitzituzten gogoan. Baina ez zen horrela suertatu. Utergak lanean segitu zuen eta bederatzina berdindu ondotik, 10-11 aitzinetik jarri zen. Hortik aitzinera, joku eta emozio handiko finala ikusi zen. 10-11koaren ondotik, 14-12 aitzindu zen Urriza, 14-15 Uterga, berriz ere 17-15 Urriza… Hamazazpinako berdinketaren ondotik, partidako jokaldi polemikoa gertatu zen, epaileak txartzat eman baitzuen ona zirudien Urrizaren pilotakada bat. Hurrengo tantoan berriz ere berdindu zuen Urrizak, baina hurrengo lauak segidan egin zituen Utergak (18-22). 19-25ekoarekin lortu zuen alderik handiena Utergak baina Urriza ez zegoen amore emateko prest. Tantu bakarrera hurbildu zen 27-28koan. Baina dejada batekin 29garrena egin zuen Utergak eta hurrengoa ere Doneztebekoak lortu zuen, txapel handia bereganatuz.

Utergak 19 tanto akitu zituen piloteoan eta Urrizak 17. Doneztebekoak 2 pilota galdu zituen eta Iruñekoak 3. Sakearekin 8 tanto eta 2 falta egin zituen Urrizak eta 5 tanto eta falta bakarra Utergak.

Gisa honetara, Ezkurrak, Urrizak eta Utergak bina aldiz irabazi dute Master txapelketa.

 

«Txapel honek balio gehiago du eta konfidantza emanen dit»

Xanti Uterga hagitz kontent zegoen garaipenagatik eta batez ere Urriza bezalako txapeldun handi bati irabazteagatik. «Iaz ere titulua irabazi nuen, baina aurten gehiago balio du eta hagitz handia da, txapeldun handi bat dela erakutsi duen Urrizaren kontra lortu baitut». Doneztebekoaren ustez, bere jokua inposatzeak eman zion garaipenaren giltza. «Lasai etorri naiz, faborito izatearen presiorik gabe eta horrek lagundu dit. Ongi mugitu dudala uste dut eta nekatu egin da. Atzetik joan naizenean ere lanean segitu dut». Abenduan frontoi laburrean ere irabazi zion, baina halere Urriza onena izaten segitzen duela uste du Utergak: «Gaur ez du bere partidarik onena egin, inondik ere, eta halere 27 tanto egin ditu. Bakoitzak bere ezaugarriak jarri ditu mahai gainean, baina nik gehiago gozatu dut nere jokuarekin berak berearekin baino». Honek etorkizunari begira konfidantza emanen diola ere uste du Utergak: «Orain frontoi luzean ere irabazi dio eta nire buruan badakit irabazten ahal diodala, eta horrek laguntzen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun