Koteto Ezkurra doneztebarrak binakako bosgarren txapela lortu du Endikarekin

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abe. 28a, 13:16
Erakustaldia eman zuen Koteto Ezkurrak abenduaren 26an binakako finalean. Argazkia:Oriamendi

Erakustaldia eman zuen Ezkurrak abenduaren 26an Galarreta pilotalekuan, hamazazpi tanto eta lau huts eginda. Endika lagun zuela, 40-24 irabazi zieten Matxin III.a-Ioni. Garaipen honekin, Binakako bosgarren txapela jantzi zuen doneztebarrak, bere ibilbideko hamaseigarrena.

Binakako txapela zegoen jokoan, armailak gorri, Koteto Ezkurrak eta Endika Urrutiak ez zuten huts egin. Beraiek ziren faboritoak eta partidako lehen tantoak oso parekatuak izan ziren arren, aldea egin eta nagusitasunez lortu zuten garaipena (40-24).

Matxin III.ak eta Ionek ongi hasi zuten finala, 5-2 galtzen joan ondotik 6-7 irabaztera pasaz. Ezkurrak eta Endikak ez zioten garaipenari ihes egiten utzi nahi ordea, eta pixkanaka markagailuari buelta eman eta zuloa handitzea lortu zuten. Estatistikek ere kantxan doneztebarrak izan zuen nagusitasuna argi erakusten dute: hamazazpi tanto lortu zituen, eta lau besterik ez zuen huts egin. Endikak ere final ona jokatu zuen, 11 tanto lortuta, baina hamar galdu zituen. Matxin III.ak berriz, zazpi tanto egin zituen, baina zortzi huts egin. Ion Etxeberriak, berriz, hiru tanto egin zituen, eta lau huts egin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun