Eguberrietako egitarau oparoa antolatu dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 18a, 11:20

Abenduaren 18an, elizan eskainiko duten eguberrietako kontzertuarekin hasi eta urtarrilaren 5eko errege kabalgata bitarte hamaika proposamen antolatu dituzte Donezteben. Herriko hainbat talde aritu dira elkarlanean eta hala, ekitaldiak ere anitzak dira: antzerkia, mendi ateraldia, tonbola, futbol zazpi txapelketa...

Abenduaren 18an, ostiralean, 20:00etan Eguberrietako kontzertua eskainiko dute Donostiako txistulari bandak, Mendi abesbatzak, dantzariek eta Agorreta musika eskolako ikasleek.

Abenduaren 19an hitzordua bikoitza izanen da. Batetik, Errekak antolatzen duen mendi eguna ospatuko da egun osoko egitarauarekin. Literaturzaleek, 17:00etan Haur Literatura haurrentzako ipuinak liburuaren aurkezpena izanen dute erakusketa aretoan Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde egileen eskutik.

Abenduaren 22an, Bertako antzerki taldeak El principe feliz eta Cena de Navidad antzezlanak eskainiko dituzte zineman 17:30etik aurrera.

Abenduaren 23an, Herri txiki infernu handi telebista saioaren grabazioa eta proiekzioa antolatu dituzte. Aurkezleak, Sebastian Lizaso bertsolaria, monologoak... izanen dira Ezkurra pilotalekuan 20:00etan.

Abenduaren 24an, Saioa mendira ateraldia eginen dute autobus geltokitik abiatuta, Erreka taldearen eskutik. Etxeko ttiki eta ez hain ttikiek, urte osoan espero duten Olentzero eta Mari Domingiren etorrera berriz, 18:00ak aldera izanen da, Elizagibela karrikatik. Herritarrak baserritarrez janztera animatu dituzte antolatzaileek.

Abenduaren 26an, Doneztebarrak Merkatari eta Zerbitzu elkartearen tonbola eginen dute Santa Luzia plazan 17:30etik aurrera.

Kirolerako tartea ere izanen da, bosgarren urtez, Futbos zazpi txapelketa antolatu baita. Partidak abenduaren 26 eta 27an eta urtarrilaren 2 eta 3an jokatuko dituzte.

Abenduaren 31n urte bukaera ospatzeko ohiko bi ekitaldi prest dituzte, Mendaurrera ateraldia egiteko aukera izanen da 07:30ean autobus geltokitik abiatuta eta San Silbestre lasterketan parte hartzeko aukera ere bai 18:00etatik aurrera.

Zinemarako tartea ere bada, abenduaren 20an Olentzero eta oparien ordua filma eskainiko dute 16:30etik aurrera, sarrera euro bat ordaindu beharko da. Eta 18:30ean El guru de las bodas, Sarrera: 2 euro.

Eta akitzeko, Errege kabalgaten txanda izanen da, urtarrilaren 5ean, 18:00etan eskoletatik abiatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun