Ezkurra eta Endika binakako erremonte txapelketaren finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 14a, 12:24
Koteto Ezkurra eta Endikak gogor borrokatu zuten finalerako txartela lortzeko

Finalerdietako bigarren partidan 40-35 irabazi diote Urriza eta Agirrezabalari 

Koteto Ezkurra doneztebarra eta Endika Urrutia saldiastarra dira erremonteko binakako txapelketako lehen finalistak. Finalerdietako lehen partidan 37-40 galdu zuten Urriza eta Agirrezabalari eta hortaz, irabazi ez ezik, 37 tantu baino guttiago egin behar zuten arerioek. Baita lortu ere. Larunbatean Galarretan 40-25 irabazi zuten Malerrekakoek eta abenduaren 26ko finalerako lehen txartela lortu zuten.

 

Koteto Ezkurra izan zen partidako protagonista nagusia 25 tanto akitu eta huts bakarra egin baitzuen. Urdinak fuerte hasi ziren, 1-6 irabaziz, baina zazpina berdindu ondotik, 18-12 aitzindu ziren gorriak. Tantu bakarrera hurbildu ziren urdinak (19-18), baina ez zuten berdintzerik izan eta 3-4-5 tantuko aldeari eutsi zioten Ezkurrak eta Endikak. Alderik handiena 31-23koarekin lortu zuten baina pilota aldatu ondotik, berriz ere 31-28 eta 35-32 hurbildu ziren urdinak. Orduan egin zituen sake onenak Endikak eta 38-32 aitzindu ziren gorriak. Pixko bat hurbildu ziren urdinak, baina azkenean garaipena eta behar zuten aldea Malerrekakoentzat izan zen.

Bertze finalerdian, Matxin III eta Ionek 40-38 irabazi zieten Etxeberria IV eta Etxeberria III.ari lehen partidan. Bigarren partida asteartean jokatuko dute Galarretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun