Ixabel Juanikorena jostunak jaso du Santa Luzia eguneko Zilarrezko Titarea Donezteben

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 14a, 07:43
Ixabel Juanikorena, Zilarrezko Titarearekin, bere familia eta Doneztebeko udal ordezkariekin batera. Argazkia: Alicia Del Castillo

Dozena bat eskulangileren lanak ere ikusgai izan ziren Santa Luzia plazan eta Saharaztan elkarteak Sahararen aldeko pintxoak eta salda banatu zuen

Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu zuten Donezteben abenduaren 13an. Goiz osoan eskulangileak izan ziren Santa Luzia Plazan, tartean Saharako uholdeetan kaltetutakoen alde Saharaztanek paratutakoa. Meza Nagusiaren ondotik Zilarrezko Titarea eman zioten Xanti Uterga alkateak eta Leire Ortuoste zinegotziak, Doneztebeko Udalaren izenean, Ixabel Juanikorena jostunari. 

Goizeko eskulangileen erakusketan Jose Luis Olaizola (heraldika, grabatuak…), Malu Alvarez (orfebreria), Santiago Hualde (kaikua), Victoriano Arzuaga (artilea), Andrew Smith (argazkiak), Fausti Juanikorena (jantzigintza), Goreti Alzuri&Hamadi Fall (egurrak), Joxepa Loiarte (taloak), Carlos Mindegia (gasnak), Ixiart Mielgo Rey (egurra), Lourdes Goñi (etxeko goxokiak), Maria Irureta (kanutiloak), Joxe Mikeo (bitxikeriak) eta Maria Salanueva (pomadak) izan ziren plazan.

 

Isabel Juanikorena Perotxena

Udal talde berriarentzat, lehendabiziko urtea izanda, Santa Luzia feria eguna prestatzea hagitz gauza berezia eta polita izan da hasieran galdu xamar ibili badira ere. Ixabelengana jo zirenean ez zuen hutsik egin eta deialdiari baiezkoa eman zion, Erregeeteko kabalgatarako traje berriak agindu behar zizkiotelakoan.  2015eko zilarrezkoa titarea janzteko proposamena egin zitzaionean izugarrizko emozioa sentitu zuen, baidaki Doneztebeko Santa Luzia beti berezia izan dela, herri hau jostunen sorlekua izanda eta bera aukeratu izana… izugarrizko poza eman zioten.  Familiarekin kontsultatu behar zuela erranda agurtu zituen. Handik gutxira, Udalarenen gozamenerako, baiezkoa eman zuen.

Ixabel Juanikorena Perotxena, sortzez zubietakoa,  herriko zaindariaren egunean sortua, Asuncion Amabirginaren egunekoa hain zuzen ere. Ixabel 8 anai-arrebetako bosgarrena dugu.  Garai hartan, gehienek egiten zuten bezala, goizez eskolara joaten zen eta atsaldean etxeko-lanetan laguntzen zuen.  Orduan euskaraz solastea debekatua zegoenez gaztelaniaz ikasi zuen. Eskolatik ateratzean Arotza etxera joaten zen josten ikastera. Arotzan Cristina izeneko irakaslea izan zuen eta berari esker josten ikasi zuen. Lanbide garrantzitsua ikasi zuen, garai hartan dena josten baitzen, ez baitzegoen erosterik.

Gaztetan Doneztebeko Amezti ostatura lan egitera etorri zen eta bertan Joxe Rekarte, bere senarra izanen zena, ezagutu zuen. San Jose bezperan ezkondu ziren eta garai hartako ezkontza gogoan du: elizako plazan dantzetan, herriko musikariek lagundutak. Joxe eta Ixabelek izugarri gustuko zuten dantza egitea. Frantziara ere lan egitera joan zen, garai hartan hemengo neska anitzen antzera.  4 seme alaba izan zituzten eta gaur egun 3 biloben amatxi dugu.

Ixabel bizi guztian jostun lanean ari da, galtza zaharretakoetako behekoak jasoz eta berrien itxura emanez, eta hamaika moldaketa eginez…, gaur egun horretan dihardu.  Egoera ekonomikoa dela eta, moldaketa horiek gero eta beharrezkoak direla dio berak. Eskuz egindako kortinak, lehioetako bisiloak… gustu anitz egiten ditu eta harro erakusten ditu berak egindako lanak.

2015. urte hau zaila izan da Ixabelentzat, 48 urte senarrarekin pasa ondoren bere bidelagunik minena martxoan galdu baitzuen. 2015eko bukaeran Santa Luzia egun honetan, Udalak, herritaren maitasuna eta berotasuna bilduz, Ixabel omendu nahi du. Omenaldi xume honekin iragana omendu nahi du herriak. Jostunak, langile apalak, ixilak…  beurek egindako lanari esker belaunaldi anitzen jantzkerak ziurtatu baituzte. Lanbide hau ohore anitz omentzen dugu eta gaur …  zorionak Ixabel,      titare hau magikoa da, haría eta orratza anitzen lagun izanen duzu zure bizitzaren oroitzapenak eta etorkizuneko erretazoak maitasunez josiko duzulakoan ematen dizugu.

 

Zilarrezko Titareak

Urtez urte, hauek izan dira Zilarrezko Titarea jaso dutenak Doneztebeko Udalaren eskutik:

Maria Eraso (1999)

Patxi Astiz (2000, gizaseme bakarra)

Mari Carmen Elizalde (2001)

Virtudes Etxebeste (2002)

Pepita Apeztegia (2003)

Pakita Andiarena (2004)

Mariela Olaizola (2005)

Angeles Buenetxea (2006)

Maria Teresa Mindegia (2007)

Loli Ostolaza (2008)

Mari Cruz Arregi (2009)

Maria Dolores eta Mercedes Sarratea (2010)

Maria Jesus Elizondo (2011)

Esther Pascal (2012)

Enrique Taberna (2013)

Blanca Bañares (2014)

Ixabel Juanikorena (2015)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun