Erreka K.E, Doneztebarrak Merkatarien Elkartea, IKA, Malerrekako Eskola Txikiak, Doneztebeko Udala, Eratsungo Udala, Sunbillako Udala eta Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu du herri lasterketa. Euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte ekimenean parte hartzera, baita ekimena babestu nahi dutenak ere.
Erreka Kirol Elkarteak prestatutako ibilbideetan 4 lasterketa eginen dira adinaren arabera: 0-6 urte, 7-11 urte, 12-17 urte eta 18tik gorakoak. Txikien lasterketa goizeko 11etan hasiko da eta helduena 11:15ean, biak udaletxeko ataritik. Izen ematea egunean bertan eginen da 10:30etik aurrera. 0-17 urte bitartekoek 2 euro ordaindu beharko dituzte eta 18tik gorakoek, 5 euro. Gainera, lasterketan parte hartzen dutenek normalean 10 eurotan salgai egoten den Euskaraz Bizi Nahi Dut kamiseta 5 eurotan erosteko aukera izanen dute.
Antolatzaileek lasai korri egiteko gomendioa eman dute, asmoa ez dela lasterketa konpetitibo bat egitea, jai giroan ongi pasatzea baizik. Lasterketak ez du sailkapenik izanen eta ez da zertan ibilbide osoa egin behar, nahikoa izanen da izena eman eta norberak ahal duen arte korrika egitea.
Eguna borobiltzeko
Lasterketak herriko karriketan jarriko duen giroarekin jarraitzeko Malerreka Kantuz ekimenak herria alaituko du 12:30ean udaletxetik abiatuta. Ondotik, kantu bazkaria izanen da Santamaria jatetxean Gazte Burrunba Elkarteak antolatuta. Bazkarirako sarrerak Titi ostatuan erosteko aukera izanen da 25 eurotan eta Burrunbako bazkideentzat, 20 eurotan.