Aparango langileek manifestazioa deitu dute azaroaren 20rako Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko azaroaren 19a

Lantokiko etorkizuna argitzea eskatzen dute lau hilabete eta erdiko soldata kobratu gabe duten 37 langileek

Azaroaren 12tik hasita Donezteben dagoen Aparan lantokiko langileek greba mugagabean daude, beraien etorkizuna argitzeko. Gaur egun 37 langile dituen lantokiak bideragarritasuna eta etorkizuna baduela uste dute langileek.  Aste honetan egiten ari diren mobilizazioekin segituz, azaroaren 20an, ortziral eguerdiko 12etan Aparango langileek manifestazioa eginen dute beraien egoera salatzeko, Aparango lantegitik abiatuta Doneztebeko karriketan barna.

Greba mugagabea hasterakoan, Langileen Batzordeko hiru ordezkariak dituen ELA sindikatuak igorritako idatziak zioenez, «azken urte hauetan, Aparango nagusiek, enpresaren etorkizuna hobetze aldera, langileei esfortzu ugari eskatu dizkigu, hala nola, soldaten %10eko jautsiera eta lan orduak igotzea dohainik».

Esfortzu guzti hauek eginagatik ere, 2015 urtean, soldaten atzerapenak nabarmenak izan direla salatu dute langileek, 4 hilabete eta erdiko zorra izateraino langileekin. Azken bi hilabete hauetan, soldata ez ordaintzeaz aparte, lan kargarik ez dute izan bere osotasunean eta egoera kezkagarri batean murgilduta daude. «Gure etorkizuna jokoan dago» dio ELAk.

Enpresaren aldetik, berriz, «promesa ugari, baina guztiak ezerezean geratzen direnak izan dira eta planteamendu guztiak, gezurraren pare geratu direnez, gaur egiten dizkiguten proposamen guztiei ez diegu sinesgarritasunik ematen eta arriskuan jartzen ari dira beraien gestioarekin enpresaren bialitatea», adierazi du langileen ordezkaritzak.

Gauzak horrela, «gure etorkizuna zalantzan izanik, haizeak eramaten dituen promesak entzunik (errealitate gabeko edo etorkizun gutxiko lan kargak eta zorraren kitatze birtualak adierazi dizkigute), kobratu gabeko lau hilabete eta erdiko soldatak pairatuz», planto egiteko erabakia hartzera behartuta ikusi dute bere burua langileek, «ea behingoagatik, egia ardatz izanik, gure etorkizuna argitzen den, Aparanek biabilitatea edo etorkizuna baduela uste baitugu».

Erlazionatuak

Aparango langileen egoera gaur

Xorroxin irratia 2015 aza 18 Malerreka

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun