Aitor Senosiainek irabazi du Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketa

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 16a, 11:15
Lehen mailan aritzeko txartela lortu du lehen aldiz Asier Pellejero aresoarrak.

Ortziralean Donezteben jokatutako finalean, Asier Pellejero aresoarra izan zen azpitxapeldun eta Olaguekoarekin batera igoko da lehen mailara

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren finala eta lehen mailako arpana jautsiera kanporaketa jokatu ziren azaroaren 13an Doneztebeko ferien baitan, Ezkurra pilotalekuan. Aizkolari txapelketan , pronostikoak bete eta Olagueko Aitor Senosiain erraz nagusitu zen. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat mozteko 17 minutu eta 59 segundo behar izan zituen. Asier Pellejero aresoarra bigarren izan zen (18.57). Biak lehen mailan ariko dira heldu den urtean.

 

Aresoarrak baino lau segundo gehiago behar izan zituen Eneko Saralegi leitzarrak (19.01). Laugarren postua Etxarri Aranatzeko Goizeder Beltzak eskuratu zuen (19.37) eta bosgarrena Dorraoko Ibai Resanok (19.57). 

Lehen mailako Arpana Jaitsiera kanporaketa ere jokatuko zen. Batetik, Esteban eta Martin Pikabea (Gerendiain) aritu ziren, aurtengo lehen Mailako Arpana Txapelketan azkena sailkaturiko bikote. Bertzetik, Adrian Berruezo (Ibero) eta Alberto Oteiza (Larrageta). Hauek ezin izan zuten parte hartu txapelketan, lesio bat zela medio eta Doneztebeko aukera aprobetxatu zuten. Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai egiteko 8 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten eta Pikabea anaiek 10 minutu ella 38 segundo. Beraz, Oteiza eta Berruezok mailari eutsi diote eta Pikabeatarrek bigarren mailan aritu beharko dute heldu den urtean.

Txapelketatik kanpo, jaialdia osatzeko asmoz, sei emakume aritu ziren aizkoran euren trebezia erakutsiz, bikotetan banatuak. Bikote bakoitzak lau enbor moztu zituen. Iturengo Maika Ariztegi eta Beintza-Labaiengo Irune Izkue izan ziren bizkorrenak (13.09), Aresoko Itxaso Onsalo eta Tolosako Alatzne Etxaburua bigarren (13.59) eta Berako Amaia Garcia eta Nerea Sorondo hirugarren (14.56). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun