Mugagabeko grebari ekin diote Aparango langileek Donezteben

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 12a, 08:04

Lantokiko etorkizuna argitzea eskatzen dute lau hilabete eta erdiko soldata kobratu gabe duten 40 langileek

Azaroaren 12an Donezteben dagoen Aparan lantokiko langileek greba mugagabeari ekin diote, beraien etorkizuna argitzeko. Gaur egun 40 langile dituen lantokiak bideragarritasuna eta etorkizuna baduela uste dute langileek.

Langileen Batzordeko hiru ordezkariak dituen ELA sindikatuak igorritako idatziak dioenez, «azken urte hauetan, Aparango nagusiek, enpresaren etorkizuna hobetze aldera, langileei esfortzu ugari eskatu dizkigu, hala nola, soldaten %10eko jautsiera eta lan orduak igotzea dohainik».

Esfortzu guzti hauek eginagatik ere, 2015 urtean, soldaten atzerapenak nabarmenak izan direla salatu dute langileek, 4 hilabete eta erdiko zorra izateraino langileekin. Azken bi hilabete hauetan, soldata ez ordaintzeaz aparte, lan kargarik ez dute izan bere osotasunean eta egoera kezkagarri batean murgilduta daude. «Gure etorkizuna jokoan dago» dio ELAk.

Enpresaren aldetik, berriz, «promesa ugari, baina guztiak ezerezean geratzen direnak izan dira eta planteamendu guztiak, gezurraren pare geratu direnez, gaur egiten dizkiguten proposamen guztiei ez diegu sinesgarritasunik ematen eta arriskuan jartzen ari dira beraien gestioarekin enpresaren bialitatea», adierazi du langileen ordezkaritzak.

Gauzak horrela, «gure etorkizuna zalantzan izanik, haizeak eramaten dituen promesak entzunik (errealitate gabeko edo etorkizun gutxiko lan kargak eta zorraren kitatze birtualak adierazi dizkigute), kobratu gabeko lau hilabete eta erdiko soldatak pairatuz», planto egiteko erabakia hartzera behartuta ikusi dute bere burua langileek, «ea behingoagatik, egia ardatz izanik, gure etorkizuna argitzen den, Aparanek biabilitatea edo etorkizuna baduela uste baitugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun