Eguberritako estra azaroan lortzeko aukera eskainiko du Doneztebarrak Merkatarien Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 9a, 09:57

1.000 euroko eta 500 euroko sari bana emanen dute azaroaren 28ra bitarte egiten diren 40 eurotik goitiko erosketen truke

Irabazi gurekin Eguberritako estra azaroan goiburupean, kanpaina berri bati ekin dio Doneztebarrak Merkatari eta Zerbitzu Elkarteak azaroaren 9tik 28ra. Elkartetik jakinarazi dutenez, herrian bertan erosketak egiten dituztenak saritzea da kanpainaren helburua, azaroan Eguberritako estra bat (1.000 euroko lehen saria eta 500 euroko bigarren saria) irabazteko aukera emanez.

Kanpaina honetan parte hartu ahal izateko, bloke bakoitzeko denda edo entitate batean 40 euroko gastua egin behar da. Behin txartela beteta, 500 euroko edo 1000 euroko baleen zozketan parte hartu ahal izanen da. Kanpaina azaroaren 9an hasi eta 28an bukatuko da, zozketa batekin. Hain zuzen arratsaldeko 7ak aldera eginen dute zozketa kiroldegian, Erreka kirol elkarteko eskubaloi taldeen aurkezpenaren aitzinetik.

Doneztebarrak elkarteak dioenez, «herrian bizitzea ez da bakarrik ogia edo janaria erostea eta bertan lo egitea. Herrian bizitzeak erran nahi du, herria bizirik mantentzen ahalegintzea, herria zaintzea, herrian egiten diren aktibitateetan laguntzea, ekitalditan parte hartzea eta herriko komertzio eta zerbitzuekin kontatzea erosketak egiterako orduan».

Herriko komertzio eta zerbitzuak, bere aldetik herria bizirik mantentzen saiatzen dira. Alde horretatik, Doneztebarrak Merkatari eta Zerbitzu Elkarteak herriko hainbat ekitalditan laguntzen du (errege kabalgatan, eskolako guraso elkarteko zineari laguntzen diote kartelak eginez, herriko bestetan txokolatada antolatzen dute, iñauterietan karroza hoberenari saria ematen diote…).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun