Joaquin Larregla musikaria omenduko du Mendi Abesbatzak urriaren 31n Donezteben

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 27a, 07:46
Raquel del Val piano jole handiak bakarka eta Mendi Abesbatzarekin batera joko du larunbatean Donezteben.

Raquel Del Val pianista handiarekin kontzertua eskainiko du larunbatean eta musikariaren biografia aurkeztuko dute bezperan

Mendi Abesbatzak Joaquin Larregla musikaria omenduko du urriaren 31n Donezteben. Omenaldi ederra burutzeko Leongo Kontserbatorioko Katedraduna den Raquel del Val piano jolea Doneztebera hurbilduko da espresuki larunbatean herriko abesbatzarekin kontzertua eskaintzeko. 

 

Izen handiko jotzaile hau Joaquin Larreglaren lanetan espezialista da eta bakarkako hainbat obra eskaintzeaz gain, Mendiko kideekin  batera ariko da (Caixabank-ek emandako dirulaguntzari esker ospe handiko musikaria ekartzerik izan da). Hitzordua arratsaldeko 8:30ean izanen da Elizan. Urriaren 30ean (ortziralean) Jose Luis Macaya idazleak Larreglaren biografiaren liburua aurkeztuko du Erakusketa Aretoan arratsaldeko 7etan.

Joaquin Larregla konpositore eta batez ere, pianista bikaina mundu osoan zehar ibili zen kontzertuak eskaintzen. Irunberrin sortu bazen ere, laster Garesera joan zen eta Donezteberekiko lotura berezia jorratu zuen (beti bihotzean izan zuen herri hau). Bertan oporretako etxebizitza zeukan eta ahalik eta denbora gehien pasatzen zuen gurean. Lekarozko eskolan irakasle jardun zuen, bertan Aita Donostiaren lagun mina egin zen eta biek ordu luzeak ematen omen zituzten Narbarteko organoa joz musika egiten. Aita Donostiaren obra gehienak Larregla berak estreinatu zituen, eta horien artean ezagunenetakoa, Oñazez hunkingarria (Larreglari eskainitakoa esker ona adieraziz). Aipatu behar da Larreglaren alabak Donezteben denboraldi luzeak ematen zituela, bertze musikari handi batekin ezkondu baitzen, Federico Moreno Torrobarekin, alegia.

Kontzertu honekin Mendi abesbatzak Larreglaren urteurreneko zikloa itxi nahi du, joan den irailaren  12an Irunberrin eskainitakoari jarraipena emanez. Jaialdi hura Olatz Kultur taldeak antolatu zuen.

 

Udazkenean kontzertuz betetako agenda prestatu du Mendi abesbatzak

Hitzordu garrantzitsu honen ondoren Doneztebeko Mendi abesbatzak agenda ederra prestatu du urte bukaerarako. Azaroaren 14an Faltzesera joanen dira; 21ean Etxalarren Nafarroako zikloaren barrenean ariko dira, Santa Zezilia eguna ospatuz; 28an, Faltzesko abesbatzak gurean kantatuko du; abenduaren 3an Nafarroaren Eguna eta Nazioarteko Euskararen Eguneko ekitaldien barrenean Legasan ariko da eta, urtea bukatzeko, abenduaren 18an Donostiako Udaleko Txistulari taldearekin batera, Eguberrietako Kontzertua eskainiko dute bertako Agorreta musika eskolako ikasle eta dantzarien laguntzaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun