Ostiral arratsaldeko 6:30etik aitzinera jendea Errandonea ostatura inguratzen hasi zen. Pintxo lehiaketa ospatu behar zen bertan eta jendearen artean ikusmira sortzen duen ekitaldia da. 14 pintxo ezberdin aurkeztu ziren lehiaketara eta epaimahai lanetan ibili ziren Lurdes, Andrew eta Maialenek, lehenengo postua Elixaldeko Joxe Mari (Moha)-ri ematea erabaki zuten. Bigaren saria berriz Seroingo Leirek eskuratu zuen. Ondotik, ostatuko barraren inguruan bildu zen herritarra pintxo haiek denak dastatzeko asmoz.
Pintxoak jan ondoren, estalpean, Andres Iñigoren eskutik hitzaldia prestatu zen. Hitzaldiaren gaia euskara historian zehar eta euskalkiak zen. Jende dezente bildu zen mahai inguru honetaz gozatzera.
Gauean berriz, mus txapelketa egin zen Errandonean, eta bertan bikote garailea Markesko Xanti eta Xapako bordako Joxe Mari izan ziren, azpitxapeldunak berriz Palazelaitako anaiak suertatu ziren.
Larunbateko egun handian, joaldun handiak omenduak
Baina bezperako lehiaketak eta txapelketak gorabehera, larunbatekoa izaten da Euskararen Egun handia. Goizeko 9ak alderako plazan mugimendua sumatzen zen. Artisauak beraien postuak prestatzen hasi ziren. Joxepa bere taloekin, Lurdes baratzeko produktuekin, Maribel piper-pilekin, Patrixi bere bufandekin, Miguel egur lanekin, Faustini jertseekin, Andrew postalekin, Xanti kaiku eta egur lanekin eta Txitxilu elkartea goxoekin. Horiez gain, gazteek urdai azpiko, gazta eta tomate pisuaren lehiaketa antolatzen dute dirua biltzeko intentzioarekin. Azkeneko postu honek urtero jende asko biltzen duen postua da. Bertan gazta bat, tomate handi bat eta urdai azpiko baten pisua zein den asmatu behar da. Jendeak eskuetan hartu eta beraien iruditan gutxi gora behera zenbatekoa duenaren alde apustu egiten du egunean zehar eta arratsaldez irabazleen izenak jakiten dira.
Goizeko eguzkiak lagundu zuen eta eguerdi aldera joaldunen txanda izan zen.
Aurten herriko 15 joaldun omendu dituzte, adin gehien dutenak hain zuzen ere: Markos Juanikorena, Alejandro Santesteban, Tomas Ibarra, Tomas Otxandorena, Juanito, Jesus Mª eta Jose Mª Babaze, Eustaquio eta Juan Elizalde, Miguel eta Jose Miguel Telletxea, Leon Mutuberria, Sebastian Otxandorena, Jose Mª Indakotxea eta Lucio Juanikorena. Udala eta joaldunen artean omendu nahi izan zituzten, eta oroigarri gisa txapel bat eman zioten bakoitzari “Agurrik ez, eskerrik asko joalduna” esaldia bordatuarekin. Horretaz gain, Markos Juanikorenari beste oroigarri bat eman zioten oraindik ere, herriko joaldunekin ateraldiak egiten dituelako. Joaldunek Bidane Elizalderi ere eskerrak eman nahi izan zizkioten taldearen paper asuntoak kudeatzen dituelako. Bukatzeko Ainhoa Larreak bertso bat abestu zuen joaldunaren garrantzia adierazten zuena. Larunbatean garbi gelditu zen Joaldunen etorkizuna ez dagoela arriskuan. Oroigarrien banaketen ondoren, herriko haurrek aurreskua dantzatu zieten omenduei.
Joaldunek taldeko argazkia atera ondoren, muxikoen txanda izan zen bazkaltzeko ordua iritsi arte. Bazkaria estalpean izaten da, eta bi bertsolariren laguntza izaten da giroa gehiago berotzeko. Aurtengoan Soto eta Maia ziren bazkal-lagunak eta bertaratutako 64 herritarrek ederki bazkaldu ondoren, algaren artean ederki pasatzeko parada izan genuen.
Arratsaldean, eta Txitxilu elkartearen eskutik, krosaren txanda izan zen. Hiru taldetan banatu ziren haurrak adinaren arabera eta ederki pasatu zuten denek. Krosa ondoren buruhandiak eta Herriko Ostatuak prestatutako txokolatearekin indarrak berritu zituzten kirolariek.
Bazkariko partaideak, ohiturei jarraituz, herriari buelta eman zioten triki eta panderoaren laguntzaz, baita bi bertsolarien laguntzaz ere. Eta bueltaren ondoren gazta, tomate eta urdai azpikoaren irabazleen izenak esan zituzten; gazta Lopeko Edurnek eraman zuen, urdaiazpikoa Kokotxeko Vicente Ortuostek eta tomatea berriz Oihana Elizaldek.
Ondoren arratsaldez Txamukos mariatxiek girotu zuten plaza eta gauean berriz Fan&Go taldeak.