Koteto Ezkurraren izena eman diote Doneztebeko pilotalekuari

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 21a, 10:29

Koteto Ezkurra, ortziralean eskaini zitzaion omenaldian. Bere izena darama orain Doneztebeko udal pilotalekuak

Omenaldia eskaini zitzaion irailaren 18an txapeldun handiari eta gazte mailako GRAVNI txapelketa irabazi duten Eloy Garcia eta Julen Larretxeari

Ongi merezitako omenaldia eskaini zion irailaren 18an Doneztebeko herriak Koteto Ezkurrari, profesionaletako ibilbidean egin dituen 25 urteak eskertu eta goraipatzeko. Hemendik aitzinera, Doneztebeko udal pilotalekua Ezkurra pilotalekua izanen da. 

 

Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietako partidan aritu ziren pilotariez gain, Koteto Ezkurrarekin batera aritu eta ari diren bertze hainbat bildu ziren omenaldian. Bere izena eta irudia agertzen zuen margoa agertzeaz gain, Juani Zunzarren Kotetoren amak bi gerriko ere eman zizkion.

Hain zuzen, finalerdietako partida horretan Urrizak eta Patxi Olazarrek 40-23 irabazi zieten Endika eta Agirrezabalari, igandean galdu zuten finalerako txartela lortuz.

Baina Koteto ez zen omendu bakarra izan. Gazte mailako GRAVNI txapelketa irabazi berri duten Eloy Garcia eta Julen Larretxea ere omendu zituzten. Gainera, biek jokoan ikusteko aukera ere izan zen. Hain zuzen, Eloy Garciak, Remonte Fundazioko Xabi Azpirozekin bikote eginez 30-29 irabazi zieten Julen Larretxea eta Remonte Fundazioko Beñat Rodriguez-i.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun