Joaldunen Eguna ospatuko dute larunbatean Iturenen

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 18a

Harat-honatean dabiltza joaldunak uda honetan. Argazkian, Nafarroa Oinezen aldeko ibilaldi-lasterketan abuztuaren 30ean.

Julio Soto eta Jon Maia ariko dira bertsotan

Joaldunen Eguna irailaren 19rako, larunbata, antolatu du Ibintza kultur taldeak Iturenen. Goizeko 10etan joaldunek eta herriko trikitilariek ibilaldia eginen dute baserriz baserri. 14:00etan aizkora apustua jokatuko da eta ondotik Julio Soto eta Jon Maia bertsolariak ariko dira. 15:00etan bazkaria eginen da herriko plazan. Arratsaldez eta gauez dantzaldia Salaberri soinulariaren eskutik.

 

Herriko Joaldunak han eta hemen dabiltza beraien joare soinuak zabaltzen. Iturengo joaldunak Huarte Arakilgo artzai egunean eta Zarauzko Euskal jaian ibili dira. Aurtizko joaldunak, berriz, abuztu bukaeran Nafarroa Oinezek antolaturiko Oinez lasterketan izan ziren, parte hartzaileak eta bazterrak animatu nahirik ibilbideko zati batean, Belaundik Urruskaraini Berdaitzko lepotik pasaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun