Urrizak banakako hirugarren txapela jantzi du erremontean

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 14a, 08:29
Urriza txapeldun eta Uterga azpitxapeldun, sari banaketaren ondotik.

Irailaren 12an Galarretan jokatutako finalean 30-20 irabazi zion Xanti Uterga doneztebarrari 

Urrizak buruz buruko hirugarren txapela janzi du erremontean eta Ezkurra eta Matxin II.aren ondotik, gehien lortu duena da. Larunbatean Galarretan Xanti Uterga doneztebarraren kontra jokatu zuen finala. Hasieran, 14-12kora arte berdindua joan zen, baina azkenean 30-20 nagusitu zen Iruñekoa.

 

Duela hiru hilabete, belauneko lesio baten ondotik berragertu zenean, inork ez zekien Urrizak txapelketa jokatzerik izanen zuenik ere, baina larunbatean faborito atera zen. 100 40ri, dirua alde zuen hasieratik eta pronostikoak bete egin ziren. Urriza 3-2 agintzen hasi zenetik, beti aitzinetik ibili zen markagailuan. Lehen alde nabarmena 10-3koan lortu zuen, baina Uterga ere ligaxkan baino hobe ibili zen, hormabikoak eta jokaldiak eginez eta 2 tantura ere hurbildu zen, 13-11 eta 14-12. Baina Urriza ezinezkoa zirudien dejada batera ailegatu eta tantua egin zuen eta 17-12 urrundu zen berriz ere. Alde horri eutsi zion Iruñekoak eta Utergak gero eta gehiago arriskatu behar zan zuen. Urrizak ez zuen deus oparitu, ordea eta 24-14, hamar tantuz aitzindu zen. Hortik bukaerara, aldeari eutsi zion, 30-20 irabazteko.

Sakean ez zuten ez batek ez bertzeak min handiegirik egin, baina Urriza nagusi izan zen piloteoan, 20 tantu egin baitzituen eta 15 Utergak. Sakearekin 4 tantu egin zituen Urrizak eta 2 Utergak, baita falta bat ere.

Finalaren ondotik, pozez gainezka ageri zen Urriza, «finala markagailuak erakusten duena baino gogorragoa izan baita. Une txarrak pasatu ditut, duela hilabete batzuk ez nekien txapelketa jokatuko ote nuen ere eta orain, aurreko txapelak baino gozoagoa da hau».

Xanti Utergak, berriz, Urriza txapeldun handi bat dela onartu zuen. «Azkeneko lau finalak jokatu ditu eta horietatik hiru irabazi, hori ez da kasualitatea», zioen. Halere, berak jokatutako partidarekin ere kontent gelditu zen: «Ligaxkan bere kontra eman nuen irudia hobetu nahi nuen eta lortu dut. Hobe jokatu dut eta 14-12ra arte partidan egon naiz. Gero, segurtasuna eman dion aldea lortu du Urrizak eta nik arriskatu behar izan dut eta ez zait ongi atera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun