Urriza eta Uterga sakearen bila

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 10a

Ezaugarri antzeko materiala aukeratu dute bi finalistek. Argazkia: Oriamendi

Javier Urriza (Iruña, 1981) eta Xanti Utergak (Doneztebe 1984) material hagitz bizia aukeratu dute datorren larunbatean Kutxabank Torneoko finala jokatzeko.

Atzo izan zen aukeraketa Hernaniko Galarreta frontoian. Urrizak, hiru pilotak aukeratzeko bere denbora hartu zuen. Azkenik, 130, 131 eta 132 gramokoak hautatu zituen. Utergak, berriz, denbora gutxiago behar izan zuen 127, 131 eta 131 gramoko pilotak aukeratzeko. Ezaugarri antzeko sortak aukeratu zituzten bi erremontelariek.

«Material bizia eta ateratze handiarekin aukeratu dut, sakearekin min egiteko» aipatu zuen Urrizak. Lehenengo tiroaren garrantzia azpimarratu zuen Utergak ere, «sakearekin asmatu beharko dugu eta horretarako hobea da aukeratu dugun materiala». Finalerdiko ligaxkako partidan Urrizak irabazi zuen 30-13 «sakez tanto asko sartu zizkidan, baina egun hartan ni izan nintzen errestoarekin asmatu ez zuena», gogoratu zuen Utergak.

Final berezia

Utergarentzat buruz buruko lehen finala izango da. Urriza, berriz, 2012 eta 2013ko txapelduna da. Bi protagonistek arras ongi ezagutzen dute elkar. Nahiz eta ligaxkako partidan Urriza gailendu «seguru oraingoan bere mailarik onena emango duela» aipatu zuen iruñarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun