Uterga sakez sake finalera

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 7a, 11:24
Urriza eta Utergak jokatuko dute Kutxabank Torneoko finala. Argazkia: Oriamendi.

Uterga izango da Urrizaren aurkaria Kutxabank Torneoko finalean, finalerdietako ligaxkako azkeneko partidan Barrenetxea IVari 30-16 irabazi ondoren.

Partidako irabazleak zuzenean finalerako txartela lortuko zuen eta galtzailea, berriz, zuzenean kanporatua geratuko zen. Presio hau nabaria izan zen atzelari hernaniarrarengan. Partida 1-5 irabazten hasi zuen, baina Utergak partidari buelta eman zion 17-2ko partzialarekin, markagailuan aurretik jarriz 18-7. Zati erabakigarri horretan Utergak sakea hartu eta Barrenetxearentzat errestatzea ezinezko izan ziren zuzeneko zortzi sake egin zituen. Denetik probatu zuen Barrenetxeak, aurretik errestatzea, atzetik errestatzea, baina ezin zuen hondamendia geratu. Azkenean sakea hartu eta geratzea lortu zuen. Orduan egin zuen gora Barrenetxeak, markagailua 19-13an jarriz. Hala ere, Utergak lasai jarraitu zuen eta berriz ere 11 tantoko aldea hartu zuen 26-15ekoa lortuz eta azkenean 30-16ko emaitzarekin partida irabaziz.

Barrenetxea IVaren urduritasuna nabaria izan zen partida osoan zehar, ez zen gustura sentitu. 1-5 irabazten ari zenean, Barrenetxeak onartu zuen bere trebetasunagatik baino, Utergaren akatsengatik izan zela. Utergaren peloteoko lehenengo tantua 10-5ean iritsi zen eta hurrengo tantoak sakez edo aurkariaren hutsegiteengatik izan ziren. Markagailuaren aldea handia zenean hasi zen partida egonkortzen, gehiago jolastu zen orduan. Amaiera aldera Utergak 12 tanto egin zituen eta horietako 11 sakez. Ez zuen ia akatsik izan, bi akats eta falta bat sakez, besterik ez. Urrizaren aurkako partidako arantza atera zuen larunbatean. "Gaur askoz lasaiago sentitu naiz. Partida sake-errestoan apurtu dut eta abantailarekin lasaiago jokatzen da".

Partida ez zen ordubete irautera iritsi eta txapelketako ikusle gehien izan zituena izan zen.

Galarretako emaitzak. Irailak 5, larunbata:

1. Matxin VI-Zaldúa 35 / Otaegi-Larrañaga 30
2. Uterga 30 / Barrenetxea IV 16
3. Ezkurra-Aizpuru III  35 / Matxin III- Ion 40
4. Ansa II-Agirrezabala 30 / Segurola-Olazar 25

 

Pilota aukeraketa eta bazkaria asteazkenean

Urrizak eta Utergak astezkenean aukeratuko dituzte, 12.30ean, Kutxabank Torneoko finalerdietarako pilotak Galarreta pilotalekuan. Material aukeraketaren ondoren, bazkaria antolatu dute Galarretan bertan. Erremonteko buruz buruko txapelketako txapeldunekin lehenengo aldiz egingo dute bazkaria. Txapelketak bere ibilbide osoan izandako txapeldun gehienak egongo dira; Inchauspe, Mujika I, Matxin II, Aizpuru, Ezkurra, Lizaso, Eizagirre, Zeberio II, Urrutia edo Urriza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun