Doneztebeko III.Laxoa txapelketan herriko 8 taldek hartu zuten parte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 1a, 08:04

Finalistak irudian Xanti Uterga alkatearekin.

Abuztuaren 29an, larunbatean, goiz eta arratsaldez jokatu ziren partidak Bear Zana plazan. Eta finalean, Josu Juanena, Ramuntxo Etxebeste, Damian Iribarren eta Iban Santestebanek osatutako taldeak, 5 jokoko aldea atera zion Asier Mutuberria, Joxe M. Mitxeltorena, Eloy Garzia eta Pio Garziak osatutako taldeari (7 eta 2 irabazita).

 

Herriko 8 taldek, denera 35 jokalarik, hartu zuten parte hirugarrenez antolatzen den laxoa txapelketan. Sekulako beroa egin arren, jende aunitz hurbildu zen plazara eta giro ederra sortu zen. Goizeko 9etan hasi eta 14:15ak bitartean final-laurdenetako partidak jokatu zituzten. Arratsaldean berriz, 16:00etan hasita, finalaurreko partidak jokatu eta Josu Juanena, Ramuntxo Etxebeste, Damian Iribarren eta Iban Santestebanek osatutako taldeak eta Asier Mutuberria, Joxe M. Mitxeltorena, Eloy Garzia eta Pio Garziak osatutakoak lortu zuten finalerako txartela. Segidan jokatu zuten finala eta Juanena, Etxebeste, Iribarren eta Santestebanek irabazi zuten 7 eta 2, 5 jokoko aldea aterata markagailuan. Xanti Utergaj, herriko alkateak, banatu zituen garaikurrak eta goizeko partidetan txatxari eta epaile lanetan ere ibili zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun