Endika Urrutia izanen da faborito, aurrelari moduan hasi ondotik orain atzelari ari baita eta hortaz, bi tokietako sekretuak ongi ezagutzen ditu. Esperientzia ere bere alde du. Baina Matxin III.ak hiru kanporaketa gainditu behar izan ditu honaino ailegatzeko eta ez da arerio xamurra izanen.
Irabazleak, Uterga, Urriza eta Etxeberria IV eta Barrenetxea IV.aren arteko partidako irabazlea izanen ditu esperoan finalerdietako ligaxkan.
Astearteko jaialdia
Kutxabank txapelketakoa abuztuaren 11n, asteartean 16:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da. Aitzinetik, Matxin IV eta Martirena, Goikoetxea V eta Labakaren kontra ariko dira eta ondotik, partida nagusian, Koteto Ezkurra doneztebarra eta Ion, Doneztebeko Xanti Uterga eta Joxe Etxeberria III.aren kontra. Jaialdia akitzeko, Josetxo Ezkurra II eta Zaldua, Segurola eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra ariko dira.