Xanti Utergak Gipuzkoako Foru Aldundiaren erremonte kopa irabazi du

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 29a, 10:34
Aurten frontoi laburrean jokatu duen hirugarren finalean lehen txapela lortu du Utergak.

Agirrezabalarekin bikote eginez 36-40 irabazi zieten Zeberio II eta Ion-i

Doneztebeko alkate lana hartu berritan eta San Pedro bestetako txupinazoa bota ondotik ere, erremontea atzendu ez duela erakutsi du Xanti Utergak eta Agirrezabalarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015eko saria – VI Erremonte kopa irabazi du, igandean Bergarako pilotalekuan jokatutako finalean Zeberio II eta Ioni 36-40 irabazita.

 

Hasieran aitzinetik ibili zen bikote gorria, baina hogeigarren tantu inguruan berdindu da markagailua. Ordura arte ezeroso ibilia zen Agirrezabala jokoan sartu eta horrek aukera eman dio Utergari jokoan sartzeko ere. Biek ongi elkar hartu dute azkenean eta partida bukaerara frexkoago ailegatu direnez, garaipena eta txapela lortu dute.

Xanti Utergak hiru final jokatu ditu aurten frontoi laburrean, baina hau da bere lehen garaipena. Honek, morala eta konfidantza emanen dio, hurrengo txapelketa garrantzitsurako, uztailaren 7an Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekuan abiatuko den San Ferminetako txapelketarako, hain zuzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun