Tortillak pixtu du aurtengo Sanjoan sua Saldiasen

Markel Lizasoain 2015ko eka. 25a, 08:10
Jende asko ibili da marrankatua; erremedio zaharra: sanjoan bezperako sua.

Festetako programan berritasun franko izandu dira

San Joan eguneko tortilla lehiaketa zen aurtengo programako nobedadea Saldiasko festetan, eta inondik inora ere funtzionatu du. Hemezortzi tortilla presentatu dituzte, eta hiru goxoenak Taberrengo Edurnerenak, Otxantrengo Maiterenak eta Txaparrerenak izandu dira. Plazan jendalde polita bildu zen, eta afari etsia txistor mutur batzuekin hartu zuten. Ikusi argazkiak

 

Hori izandu da programako berritasunetan handiena, baina programa osoa zegoen han-hemen pixka bat ukitua. Herri ttiki hauetako usadio kasik sakratua diren zopa bikainak ezin aipatu gabe utzi, eta, aizkol apustu eta pilota partida bana baziren ere, egunezko musikari indar handia eman diote, gaueko parrandarekin ere ongi konplituta, eta nola txistulariek nola trikitilariek nola organojotzaileek doinu finak eta alaitasuna ekarri dituzte herrira, hala goizean, hala eguerdian hala arratsean.

Aroak ere ezin hobeki lagundu du; horretaz, batzuek beti bezala belarretan aritu behar izandu dute jo eta kea. Pestari akabila emateko, otordua eman zuen herriko etxeak San Joan egunean meza ondoan, Taberneko atarian, eguzki ederrarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun