Larunbat goizeko 10etan hasiko dira lehenbiziko partidak, Txiki taldea eta benjaminen artekoarekin. 11:30ean gurasoen txanda izanen da. 16:00etan zonaldeko talde nagusien arteko txapelketa triangularra burutuko da, tartean Baztanen kontrako derbia ere. 19:00etan Santa Luzia plazan berendua dastatuko dute txikiek, benjaminek, alebinek eta infantilek. 21:30ean afari herrikoia Santa Luzia plazan, Julen Zelaieta eta Egoitz Gorosterrazu bertsolariek alaituta. Pantaila erraldoi bat paratuko da Championseko finala jarraitu ahal izateko (afarirako txartelak Titi ostatuan salgai daude ekainaren 4ra arte). Menuari dagokionez, urdaiazpikoa, entsalada mistoa, kroketak, legatza saltsan, entrekot, sorbetea, gazta tarta,kafea eta kopa izanen dute. Akitzeko gaupasa Oharkabe taldearen eskutik.
Denboraldi bikaina
Doneztebe futbol talde nagusiak igotzeko lehia ederki borrokatu du, lortu ez arren. Horretaz gain, aipatu behar da jubenilak, ligan beraien multzo buru izan ondotik, igoera fasea jokatzen ari direla eta mailaz igotzeko gogo handiz daudela. Doneztebeko futbol taldeak aurtengo denboraldian 11 talde izan ditu: txikiak, alebinak (3) benjaminak (2), infantilak, kadeteak, jubenilak, neskak eta Lehendabiziko kategoriko Erregionalak. Harrobi ederra!