Zare eder baten zozketa ere egin zen eta hau Leonor Latasari suertatu zaio.
Honez gain, asteburu borobila izan dute Sunbillan. Ortziralean haurren txanda izan zen. Ondoren irriterapia saioan 30 bat lagunek primeran pasatu zuten eta ondotik afari autogestionatuan ere giro aparta izan zuten.
Larunbatean mendi ibilaldira ere bizikletaz eta oinez kuadrilla bat animatu zen. Zumalekuko bordan gosari eder bat egin eta buelta herrira. Haurrek beraien txanda izan zuten berriz ere larunbatean. Eguerdian gazteek Ariztigain kanpinean bazkarieder batez gozatu zuten.
Igandea, Asteburu Kulturala borobiltzeko egun ederra izan zen. 33 artisauen lanekin beteta zegoen frontoia. Herriko haurrak, herriko talogileak, eskulanak, Sunbillako Guraso Elkartea, Beñat eta Jon, etab. denetik bazen ikusteko. Eguraldiak goiz partean sobera lagundu ez zuenez, herriko haur dantzarien emanaldia frontoian egin behar izan zuten eta bikain dantzatu zuten neska mutiko ttikienek eta gaztetxoek. Ondotik, Mendaur trikitixa-panderoa eskolak ere bere emanaldia eskaini zuen. Hasiera frontoian eman zuten. Ondoren Itturburu ostatura kalejiran joan ziren eta han ere kanta batzuk jo zituzten. Berriz ere frontoiko plaza ttikira bueltatu ziren. Euria hasi eta azkeneko saioa frontoi barrenean egin behar izan zuten. Halere, dena ederki bete zen eta egun bikaina izan zen.