Nafarroako Landa eremuko eskolen V. jardunaldia Iturenen eginen dute

Ttipi-Ttapa 2015eko maiatzaren 21a

Iturengo eskolaren egoera azaltzen duen lip-duba ere aurkeztuko dute.

70 eskola ttikitako irakasleak elkartuko dira maiatzaren 23an, beraien egunerokoa partekatu eta ekitaldi ezberdinak egitera

Malerrekako eskola ttikien lan taldeak antolatuta Nafarroako landa eremuko eskolen topagunea izanen da Ituren maiatzaren 23an. Topaketa hauen bosgarren edizioa da, Lizarran, Lesakan… ospatu izan dira orain artekoak. 

 

Bertan 70 eskola ttikitako irakasleak elkartuko dira, beraien egunerokoa partekatu eta egun guztian zehar ekitaldiak ere izanen dira. Goizeko 10etan elkartuko dira Pulunpa eskolan eta bertan ongi etorria egin ondotik tailerretan banatuko dira irakasleak. Gai desberdinak landuko dituzte: bikoteka irakurtzen, bertsolaritza emozio hezkuntzarekin lotua, proiektuka lana…

Eguerdi aldera tailerren balorazioa egingo dute eta gero nahi duenak Iturengo herriko ostatuan bazkaltzeko aukera izanen du. Antolatzaileek aurreratu digutenez, sorpresa batzuk ere izanen dira. Besteak beste, irakasle eta ikasleek herriko eskolaren egoera zein den azaldu eta eskola berria eskatzeko egin duten lipduba ikusteko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun