Nafarroako lehen Folklore Eguna Donezteben ospatuko dute maiatzaren 17an

Ttipi-Ttapa 2015eko maiatzaren 14a

Joaldunek ere, nola ez, parte hartuko dute lehen aldiz antolatu den Nafarroako Folklore Egunean.

Herriko lau eremutan izanen dira ekitaldiak igandean

Nafarroako Folklore Funtsak maiatzaren 17an ekitaldiz betetako eguna antolatu du Donezteben, lehen aldiz Nafarroako Folklore Eguna antolatu baitute. Lau eremutan, karrika eta plazak hartuta, egun osoan zehar ekitaldi ezberdinak izanen dira.

 

Doneztebeko auroroek herritarrak, goizeko 9etan euren kantuekin esnatuta eta joaldunek lagunduta, hasierako ekitaldi ofiziala jantziko dute, Iñaki Dieguez akordeolariarekin eta udal agintariekin batera. Ondotik, herrian  lau gune paratuko dituzte eta bertan musika bandak, dantza taldeak, txalapartak, joteroak, bertsolariak, abesbatzak baita erraldoien konpartsak ere ikusgai eta entzungai izanen dira. Egun osoan Nafarroako artisauen erakusketa izanen da. Txikiendako ere joko eremua jarriko da, adin guztiendako jendeari programa eskaintzeko. Akitzeko, Doneztebek lekukoa Erriberriko ordezkariei pasako die, heldu den urtean herri hartan folklore besta hau ospatuko baita.

Nafarroako Folklore Funtsak Nafarroako folklore adierazpen ezberdinen interes eta miresmena sustatzea du helburu nagusia, lau lan ildo bultzatuta: folklorearen kontserbazioa, formakuntza, difusioa eta sustapena. Ekimen honekin herriz herri ospatuko den besta honek tokian tokiko  folklore aldaerak ezagutarazi nahi du, ahalik eta biztanle gehienetara ailegaraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun