Bazkide Eguna ospatu dute maiatzaren 2an Labaienen

Arantxa Iturralde 2015ko mai. 5a, 07:20
Bazkide Eguneko aizkora desafioan parte hartu zutenak Labaienen. Zutik, ezkerretik bigarrena,50 urterekin korrika eta aizkoran marka bikaina utzi zuen Joxe Aierbe ataundarra.

Herritarren arteko aizkora desafionan Maizeneko bordako Xabier Mindegia eta Boroseneko Pello Telletxea garaile

Aurten ere ospatu dute Labainen bazkide eguna maiatzaren 2an.  Eguerdian eta ohiturari eutsiz, herritarren arteko aizkora lehiaketa jokatu zen. Zortzi enbor zituzten aurrez aurre hiru bikoteek. Batetik, Dolareko Jesus eta Miguel Anjel anaiak, bestetik  Arretxeko Jon Telletxea eta Otxoneko Jazinto Etxekolanea, eta azkenik garaile suertatu zirenak, Maizeneko bordako Xabier Mindegia eta Boroseneko Pello Telletxea.


          

 

Egun honetan, gizon berexi bat izan dugu gure artean. Basajaun eta jentil arrazatik heldu den kirolari paregabea, Joxe Aierbe ataundarra (ikus argazkian, goikaldean ezkerretik bigarrena).
Gure euskalherri honek eman ditu bai, aizkolari eta lasterkalari handiak, baina Aierbe handia izan da benetan. Gizon bizkor eta kementsu honek dauka marka, 20 kanaerdiko enborrak moztu eta  20 kilometro lasterka. Bere sasoian egin zuen lan hau, 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundotan.
 50 urtetan berriro plazaratu eta 2 ordu, 15 minutu eta 7 segundotan utzi zuen marka. Hor dago  marka hori, hobetu nahi duenarentzat.


    

Aizkora saioa eta gero, elkartean bazkideak bakailua eta solomilloa izan zuten  bazkaltzeko eta ondoren mus txapelketa antolatu zen. Bertan, Joxe Mari Urroz eta Pello Telletxeak  irabazi zuten eta Maritxu Telletxea eta Pili Telletxea ahizpak, azpitxapeldunak  gelditu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun