Berrikuntzari eta teknologia berriei buruzko jardunaldia antolatu du Cedernak Nafarroako Mendialdean

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 17a, 07:45

Lehenbiziko saioa Donezteben eginen dute apirilaren 28an

Cederna Garalur Elkarteak, "Cybersudoe'Innov" proiektu europarraren barnean, bortz sentsibilizazio-jardunaldi programatu ditu enpresentzat, teknologia berrien bitartez enpresa-sektorean berrikuntzaren ikuspuntu berri bat emate aldera.

Cederna Garalur Elkarteak, "Cybersudoe'Innov" proiektu europarraren barnean, bortz sentsibilizazio-jardunaldi programatu ditu enpresentzat, teknologia berrien bitartez enpresa-sektorean berrikuntzaren ikuspuntu berri bat emate aldera.

Jardunaldiek hainbat alderdi landuko dituzte, bertzeak bertze: berrikuntza merkataritza-sektorean online bidezko marketin-teknika berrien bitartez, eta bezeroak leial bihurtzea; berrikuntza enpresa txikien kudeaketan; merkataritza digitala; web posizionamendua; eta marka Interneten kudeatzea, turismo-sektoreari begira. Saioak Donezteben, Zangozan, Arbizun, Lekunberrin eta Aoitzen izanen dira apirilaren 28an, eta maiatzaren 5, 12 19 eta 26an, hurrenez hurren. Izena emateko, deitu 948625122 telefono-zenbakira, edo idatzi bidasoa.admon@cederna.es helbidera.

Eredu ekonomikoa eraldatzen ari den une honetan, berrikuntza enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko erronka eta aukera da, aldi berean. Saio horiekin, Cederna Garalur Elkarteak asmoa du Cybersudoe'Innov proiektuaren bitartez enpresa txikiei eta ertainei laguntzea enpresa horien negozioak finkatzen lagunduko duten joera teknologikoei aurrea hartzen eta joera horiek identifikatzen.

Cybersudoe'Innov proiektuak Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du, Interreg IVB SUDOE programaren bitartez. Proiektuan Frantziako, Espainiako eta Portugalgo zazpi erakundek hartzen dute parte. Berrikuntzari buruzko jardunaldiez gain, Cederna Garalur Elkarteak 12 proiektu teknologiko berritzaile martxan jarri eta horien jarraipena egitea aurreikusi du beste hainbeste enpresatan. Halaber, horietako bat hautagai izanen da Cybersudoe'Innov proiektuko bazkideek antolatu duten berrikuntzarako Europa mailako lehiaketan parte hartzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun