Datorren ortziralean, martxoaren 27an, arratsaldeko 8:30ean Doneztebeko Elizan kontzertu berezia izanen da, Mendi Abesbatzaren eskutik. Oraingo honetan, errepertorio guzia Musika Sakroaren alorrekoa izanen da.
Kontzertu honen proiektua San Pedro egunean abesbatzak abesten duen mezaren arrakastaren ondorioz gauzatu da. Egun horretarako espreski hainbat obra prestatzen ditu, Lorenzo Perosiren Bigarren Mezako atalak tarteko, eta besta egunen eromenetik kanpo patxadaz eskaini nahi dituzte berauek, Jon Irazoki zuzendariak aipatu digunez. Honetarako, Ruth Etxebeste eta Rocío Artázcoz pianojole eta organujoleen laguntza ezinbertzekoa izanen dute. Bakarlari moduan Bixi Ameztoy, Mañoli Apeztegia, Alicia Telletxea eta Arantxa Ziganda sopranoak, Mari Sol Arraztoa altoa, Xalbador Arriola tenorea eta Beñardo San Miguel baritonoa ariko dira.
Lehenbiziko zatia aldaretik kantatuko dute, baina errepertorioaren berezitasuna dela eta, kontzertuaren azken zatia Korutik abestuko du abesbatzak, Perosiren Kyrie eta Gloria, hain zuzen.