Goizuetako Umore Ona eta Doneztebeko Mendi Abesbatzak kontzertu bikaina eskaini dute Donezteben

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 17a, 08:26
Jon Irazoki eta Eneko Amundarain zuzendariak, gibelean bi abesbatzak dituztela. Felix Loiarte

Larunbat arratseko elizako emanaldiaren ondotik elkarrekin afaldu zuten

Doneztebeko elizan kontzertu berezia eskaini zuten martxoaren 14an Goizuetako Umore Ona Abesbatzak eta Doneztebeko Mendi Abesbatzak. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak

Doneztebeko elizan kontzertu berezia eskaini zuten martxoaren 14an Goizuetako Umore Ona Abesbatzak eta Doneztebeko Mendi Abesbatzak. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak

Kontzertua Mendi abesbatzak hasi zuen, Jon Irazokiren zuzendaritzapean, sei kanta bakarka abestuz (Agurra, Ave Verum, Izar ederra, Xalbadorren heriotzean, Kitolis eta Guantanamera). Ondotik Goizuetako Umore Onakoek beren saioa eskaini zuten, Eneko Amundarain zuzendari zutela, Agur Maria, Nerea izango zen, Ubi Caritas, Maritxu nora zoaz, Aita gurea eta I’m Gonna Sing! kantatuz. Bukatzeko, bi abesbatzek elkarrekin Kantuz doinu ezaguna abestuko zuten. Emanaldiaren ondotik, elkarrekin afaldu zuten bi abesbatzek, hor ere armonia onean.

 

Asteazkenean Iruñera

Baina hau ez da Mendi Abesbatzak eskainiko duen saio bakarra. Izan ere, asteazkenean, hilak 18, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatoriora joanen baita bertako Fernando Remacha areto ederrean abestera. Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak gonbidatu du emanaldi hau eskaintzera, azken urte hauetan elkarrekin eskainitako kontzertu ugarietarako errepertorio anitza moldatu baitu Jose Ignazio Ansorena Maisuak eta Nafarroako hiriburuan aurkeztu nahi baitute emaitza hau. Kontzertu honetan, gainera, Iruñeko Kontserbatorioko txistu ikasleek parte hartuko dute.

Martxoaren 27an, azkenik, musika sakro emanaldia eskainiko du Mendi Abesbatzak Doneztebeko elizan 20:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun