Titok eta Julianek egindako lanari esker, gure inguruko paraje gorde eta interesgarrienetako bat bisitatu daiteke gaur egun. Eratsungo dermioan dago Lami Putzo eta argazkian somatzen denez, bertara ailegatzea zaila eta arriskutsua suertatzen ahal da, baina duela mende bat arte, bazegoen bidexka estu bat, denborarekin galdu zena.
Natura maite zuen herriko maisu batek tokia erakutsi zien bere ikasleei eta horrela ezagutu zuten beste bizilagunek ere. Julian Azpirozek, lekua eta ur-jauzia bixitatzea interesgarria izan zitekeela ikusita, larrak eta sasiak kendu zituen eta, aldi berean, irisgarritasuna hobetzeko burni batzuk eta kablea jarri zituen. Hala ere, tentuz ibili behar da aldapa jeisteko eta kableari ongi heldu. Baina arrisku punttu horrek merezi du, inguru zoragarria eta ikusgarria baita.
Izenari dagokionez, inguruko lamiak putzura joaten omen ziren, urrezko orraziekin bere ile luzea orraztu ondotik bainua hartzera. Zulo Putzo izenarekin ere ezaguna, inguruko kobazulo batean bizi omen zirelako lamiak.